Atarian jazotako diskriminazio matxista bat salatu du mugimendu feministak

Erredakzioa 2019ko urr. 2a, 11:31
Pankarta Ataria-n, Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan / Argazkia: @GasteizkoMF

Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan emandako egoeraren berri izan du Gasteizko mugimendu feministak, eta horren aurrean, "arduren argitzea eta konponbideak" exijitu ditu.

Kasuaren xehetasunak publiko ez egitea erabaki duen arren, argi eta garbi hitz egin du mugimendu feministak, sare sozialen bitartez zabaldutako eta hedabide ezberdinei helarazitako oharrean: "Diskriminazio eta eraso matxistarik gabeko hiria aldarrikatzen dugu".

Erakunde publikoen ardura seinalatu dute. Izan ere, Ataria Udalaren organismo autonomoa den Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren (CEA) zuzendaritzapean dago, Galemys S.L. enpresak azpikontratatua.

Zentzu horretan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 legeari "entzungor eginez eta batere ardurarik gabe" eta administrazio publikoen ardurapean horrelako jarrerak ematearen larritasunaz ohartarazi dute.

Modu berean, mugimendu feministak gogora ekarri du 2018ko martxoaren 23an ospatutako plenoan aho batez onartu zuela Gasteizko Udalak genero-berdintasunerako IV. Plana.

Eta horren harira, "jazotako egoera ikertu eta bere enpresenganako zein azpikontratenganako neurriak har ditzan" exijitu diote Udalari.

Diskriminazioa salatzeko ekintzak

Gasteizko Mugimendu Feministaren sare sozialetan kasu hau salatzeko egin dituzten ekintzak zabaldu dituzte. Alde batetik (goiko argazkian), Atariako hezeguneen interpretazio Zentroko ateraino eraman dute aldarria, honako mezua duen pankarta bat eskegiz: "Ez dugu jarrera matxistarik onartuko, ez Atarian, ez inon".

Mezu berdina eraman dute Gasteizko Udaleko bulego teknikoetaraino (beheko argazkia), administrazio publikoan kokatu dituzten "arduradunak seinalatuz".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide