Hiri berdearen sena jomugan

Juanma Gallego 2019ko ira. 17a, 17:00
Hamabi taldek osatu dute mugimendu sozial berria. / BENETAKO GREEN

Gasteizko hainbat taldek Benetako Green gizarte mugimendua sortu dute, "parte-hartze erreala" bultzatzeko eta "bizi-ingurunearen" alde egiteko. 'Green Capital' baten "sena berreskuratzea" dute helburu.

Ekologistak Martxan, Gasteizko Bizikleteroak, Gaden, Munizipalistok, eta beste hainbat elkarte. Orotara, hamabi taldek bat egin dute Benetako Green izeneko egitasmoan,  Gasteiz "benetako hiriburu berdea" izatea lortu aldera. Astelehenean egin dute aurkezpena, eta mugimenduaren zutabe izango diren irizpideak zehaztu dituzte.

Horietako bat herritarren partaidetza bera da, talde berrian bildutako eragileek uste dutelako Gasteizko udal gobernuak ez dituela partaidetza-foroak errespetatzen, ezta aintzat hartzen ere. Arlo honetan herritarrei "iruzur" egiten zaiela salatu dute. Foro horiek parte-hartzaile gisa "mozorrotu arren", azken erabakiak "hartuta" daudela diote.

Horren adibide jarri dute hiriko zuhaitzekin gertatzen ari dena: gaiari buruz Udalak herritarren iritzia jaso ez duela diote, eta aurretiaz ere informaziorik ez duela eman salatu dute, "araudiaren kontra" izanik ere. Zentzu horretan, gogoratu dute kaleak eta plazak berritzean, udala zuhaitzak botatzen eta kimatzen dabilela, eta hori, gainera, udaberrian eta udan egiten dutela, "bioaniztasunerako sasoi kritikoan". Eskoletako jolas-tokiak "kutsaduratik babestuko lituzkeen landare-pantaila gabe"geratzen dira, kolektiboaren arabera

Udalak klima-larrialdi buruz egin berri duen adierazpena "behartuta" egin duela adierazi dute, eta adierazpen hori gauzatzeko neurri zehatzik hartu ez izana kritikatu dute.

Beste hainbat datu aipatu dituzte. Hiriko birziklatze tasa %27 dela diote, eta "gainerakoa Gardelegiko zabortegira doa". Kutsadurari dagokionez, hirian jarritako hiru neurgailuek "airearen kalitatearen galera" bat adierazten dute. Ariznabarran egin asmo duten aparkalekua aipatu dute ere,  kutsadura "asko areagotuko" duela aurreratuz, eta adinekoen zentro baten alboan egongo delako kexu mintzo dira.

Zadorrari ere erreparatu diote, eta ibaira botatzen den ura "egoera ekologiko egokian egotetik urrun" dagoela adierazi dute.

Oinezkoentzako espazioa

Espazio publikoari eta mugikortasunari buruzko kexak agertu dituzte ere. Hala, hiriak oinezkoentzako duen espazioa %28 besterik ez da, eta bertan dauden ibilgailuen kopurua zuhaitzena baino handiagoa da. Patineteen eta halako ibilgailu berrien inguruko araudia eskatu dute, eta espaloian doazen bizikleten inguruan dagoen "kontrol eza eta permisibitatea" direla eta, oinezkoentzako guneak "gatazka-leku" bihurtu direla uste dute. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide