Bizitzari bigarren aukera emateko

Juanma Gallego 2019ko ira. 5a, 06:00
Livia Lopez Gasteizko Osasun zinegotzia eta Alberto Lopez de Okariz medikua. / ALEA

Bihotzekoak edo arnasbideen buxadurak gertatzen direnean ahalik eta lasterren laguntzeko ikastaroak prestatu dituzte Arabako Medikuen Elkargoak eta Gasteizko Udalak. Halakoetan azkartasuna da gakoa. 

"Norbait gure aurrean hil beharrean, hobe da hari laguntzeko zerbait egitea". Arabako Medikuen Elkargoko idazkariorde Alberto Lopez de Okarizek argi dauka hori. Hainbat egoeratan, biziaren eta heriotzaren arteko aldea segundo bakarretan erabaki daiteke, eta inguruan daudenek egiten dutena funtsezkoa izan daiteke. Bihotzekoak ematen duenean edota arnasbidearen buxadura gertatzen denean ematen da egoera hori. Eta estatistikak dio halako larrialdietan gehienetan ez dagoela osasun arloko profesional bat gertu: kasuen %20 besterik ez da hori. Bostetik lautan, berriz, hala edo hala konpondu behar da egoera, laguntza etorri bitartean.

Halakoetan profesionala ez izanda ere gaian gutxieneko trebakuntza bat duen lagun bat izatea hil ala bizikoa izan daiteke, eta horregatik hiritarrak horretan trebatu nahi dituzte. Hori da, hain zuzen, BihotzAraba–Bihotzaren hamabostaldia izeneko programaren bitartez lortu nahi dutena. Arabako Medikuen Elkargoak eta Gasteizko Udalak antolatuta, egitasmoa IV. ediziora iritsi da aurten. Hilaren 16tik 26ra hamar ikastaro emango dituzte, 160 lagunek doako formazioa jaso ahal izan dezaten. 16 urtetik gorako hiritarrek parte har dezakete, Arabako Medikuen Elkargoaren egoitzan bertan edota cursos@icoma.eu helbidera jota.

Dena dela, Lopez de Okarizek gogoratu du larrialdi horietan lehenik eta behin 112 zenbakira hots egitea dela egin behar den lehen gauza. Modu horretan, "biziraupen-katea" martxan jartzea lortzen da. Hala, eta bihotzekoen kasuan, laguntza etorri bitartean bihotz-biriketako berpiztea abiatu behar da. Horretarako, desfibriladoreari izan ohi zaion errespetua galdu behar zaiola nabarmendu du adituak. "Horrekin inoiz ez dugu kalterik sortuko, gailuak berak erabakitzen duelako deskarga eman behar duen ala ez", erantsi du. Elektrizitatea izanik, izan behar den ardura bakarra da pazientea ez ukitzea eta lehor dagoela bermatzea. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide