Gasteizko kultura kudeaketan egindako "astakeriak" salatu ditu Juanjo Menak

Erredakzioa 2019ko eka. 14a, 13:13

Juanjo Mena orkestra zuzendaria. /J.Mena

Auditorium proiektuetan gastatutakoagatik "erantzule politikoak" galdegin ditu.

"Kalkulatzen dut 20 bat milioi gastatuko zirela auditoriuma egiteko proiektuetan, eta ez dago arduradun politikorik; kontu-ikuskapen bat egin beharko litzateke eta arduradunak bere gain hartu beharko luke erantzukizuna". Hala adierazi du Juanjo Mena orkestra zuzendariak Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean, azken urteetan Gasteizen izan diren auditorium proiektu desberdinen inguruan. Aldiz, azken urteetan musikaren "oinarrietan" inbertsiorik egin ez izana kritikatu du.

Azken 10-15 urteetan Gasteizen musika "dinamizatzeko" inbertsioak bertan behera geratu direla salatu du Menak, auditorium proiektu desberdinetarako "dirutza" bideratu duten bitartean. "Proiektu horietan gastatutako milioiak gure buru gainera datoz orain; 2000. urtera arte garatu zena garatzen jarraitzeko ez zen inbertsiorik egin eta desagertu da kultura oinarri hori". Horregatik, gaur egun auditorium bat abian jartzeko "zailtasunak" izango direla uste du: "Ez du ezertarako balio edukiontzi batek hori betetzeko edukirik ez badago; aurreko lanketarik gabe, zer publiko izango duzu orain? Alderdikeriaz kudeatzeagatik, desastrea egin da hiri honetan".

"Kalkulatzen dut 20 bat milioi gastatuko zirela auditoriuma egiteko proiektuetan, eta ez dago arduradun politikorik"

Hirian musikazaletasuna bultzatzeko "bestelako inbertsioa" egin behar dela uste du Menak, oinarriei babesa emateko kudeaketa ardatz izango duena. "Bingen Mendizabal, Zuriñe Fernandez de Gerenabarrena, Gabriel Erkoreka eta beste hainbeste oinarritik datoz. Oinarrian dinamizatu behar da". Gasteizko indar kulturala "konplexua" dela uste du, eta horren kudeaketa "profesionalen esku" egon behar dela dio: "Ez da nahikoa asmo ona izatearekin kudeatzeko; balio duten profesionalak izan behar dira".

Gorka Urtaranek auditorium proiektu zahar bat berreskuratzeaz hartutako erabakia, bestalde, begi onez ikusi du. "Neurri batean ondo iruditzen zait proiektu bat berreskuratzea. Proiektu arrazional bat behar dela uste dut, akustika bikaina duena; Zaragozakoa izan daiteke adibide, Espainiako onena da, eta eraikin diskretua".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide