Armagintzaren aurrean "zurikeria" egitea egotzi diete instituzioei

Erredakzioa 2019ko mai. 29a, 13:40
Instituzioen ardura seinalatu dute hainbat taldek, armagintzan parte hartzen dutelako. / ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK

Armen ekoizpenean eta esportazioan erakunde publiko eta pribatuek duten ardura seinalatu dute hainbat taldek. Gaiari buruzko ezagutza zabaltzeko azoka bat prestatu dute.

Euskal Herrian armak ekoizten direla gogoratu dute Gasteizen Gerrarako Eusko Label Armak ekinbidean bildu diren hainbat erakundek, eta arlo horretan instituzio publikoen zein pribatuen parte-hartzea salatu dute. Arazoa ezagutarazteko, larunbatean Foru plazan prestatu duten azoka berezira joateko gonbidapena luzatu diete herritarrei.

Eguraldi eskasa zela eta, otsailean bukatu ezin izan zuten Gerrarako Eusko Label Armak jardunaldiei amaiera eman diote egunotan, "Euskal Herrian babarrunak, orburuak eta piperrak baino zerbait gehiago" ekoizten dela gogorazteko. "Armak ekoizten dira. Arma hauek gerrarako eginak dira, pertsonak hiltzeko, alegia", adierazi dute atzo Gasteizen aurkeztutako manifestu batean.

Gaur egun, ehunka euskal enpresek "haien ekoizpenen osotasuna edo behintzat parte handi bat" arlo militarrera bideratzen dutela azaldu dute ekinbideko ordezkariek. Besteak beste, Aernnova, ITP, Sener, SAPA, Dessault edota Turbomeca aipatu dituzte. "Euskal industria militarraren birmoldaketa exijitzen dugu".

NATOren operazioetan eta Europar Batasuneko armadetan erabiltzeaz gain, gatazkan dauden herrialdeetara ere esportatzen direla salatu dute. Saudi Arabia, Turkia, Israel edota Egipto jarri dituzte adibidetzat. Euskal Herrian bertan, Bardeako tiro-eremuan ere ariketa militarrak egiten dituztela gogora ekarri dute.

Erakundeen ardura

Modu berean, euskal instituzioek armen negozioan duten parte-hartzea salatu dute. Besteak beste, unibertsitatea, lanbide heziketarako zentroak eta ikerkuntza zentroen presentzia azpimarratu dute, eta jaurlaritza zein "banku entitateak" ere aipatu dituzte. Bestalde, hainbat alderdi politikok "militarraren bozeramaileekin" harremanak dituztela adierazi dute.

"Konplizitate" eta "elkarlan" horren adibide, hainbat gai jarri dituzte mahai-gainean. Horietako bat da egunotan "defentsaren eta segurtasunaren" izenean Madrilen egiten ari den  FEINDEF armen azoka, duela bi urte HOMSEC azokaren testigua hartu duen azoka, hain zuzen.

Ramon Gonzalo Garcia Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore izendatu izana aipatu dute, "NATOn Defentsa Ministerioaren ohiko ordezkaria" dela esanez. Unibertsitatearen arloan, EHUk eta Jaurlaritzak Juan Sebastian Elkanoren mundu mundu biraren mendeurrenaren harira Espainiako Armadak egingo duen omenaldian parte hartuko dutela ere kritikatu dute.

Gerraren negozioan "irabazi handiak" eskuratzen dituzten lagunen izen abizenak zehaztu dituzte agiri batean: Jokin Aperribay, Sendagorta familia, Pedro Morenes eta Josep Pique. Lagun hauek "milioika euro" jasotzen dituzten bitartean, "milioika pertsonek" oso bestelako ondorioak jasotzen dituzte, ekinbideko kideen esanetan: "heriotza, lekualdatze behartuak, bide gero eta luzeagoak eta are arriskutsuagoak". Ondorioak bereziki emakumeei eragiten dietela diote, "modu bortitzagoan". Horregatik, errefuxiatuei babesa eskaini diete. "Gure bonbak haien herrialdeak uztera behartu badituzte, gure betebeharra da haientzat hiri zein herri berriak sortzea".

Astearte arratsaldean Mercaderes de la muerte de la industria militar izeneko hitzaldia eman du Arcadi Oliveres aktibistak, Europa Jauregian, eta larunbaterako otsailean egin ezin izan zuten "Eusko Label produktuen azoka tradizionala" prestatu dute. Goizeko hamaiketan hasiko da ekimena, Gasteizko Foru plazan. Goizean zehar, Zaguango Teatro eta H&K Crew taldeen ikuskizunak egongo dira ere.

Askapena, Bardenas Libres, Bake Ekintza Antimilitarista, Emakumeok Gerraren Aurka, Gasteizkoak, Greenpeace, Iruñea Harrera Hiria, KEM-MOC, La Guerra Empieza Aquí, Ongi Etorri Errefuxiatuak, OXFAM Intermon eta Setem erakundeek parte hartzen dute ekinbidean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide