IX. Merkatu Napoleonikoa Arriaga parkean ospatuko da, apirileko lehen asteburuan

Erredakzioa 2019ko api. 1a, 06:00
Merkatu napoleonikoaren aurreko edizio bat. GASTEIZKO UDALA

Artisautza, gastronomia eta tokiko produktuak saltzeko 120 postu inguru jarriko dituzte Arriaga parkean.

Ipar Arriaga elkarteak eta Batalla de Vitoria 1813 elkarteak apirilaren 5etik 7ra Gasteizen egingo den Merkatu Napoleonikoaren bederatzigarren edizioa aurkeztu dute, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosarekin batera. 

Merkatua apirilaren 5ean, 17:30ean, irekiko da; lehen artilleria-salbak jaurtiko dira, lau liberako kanoia baliatuz. Arratsaldean, musika tradizionala, giroa bizitzeko ikuskizunak eta sable-dueluak izango dira. 21:30ak arte Batalla de Vitoria 1813 eta CYC Calatrava elkarteek eraikitako kanpamentuetan sartzeko aukera egongo da. Adituek berreraikitze historiko bat egingo dute; hau da, kanpamentu napoleoniko bat muntatuko dute lau denda eta attrezzo ugarirekin, eta jarduera ugari prestatu dituzte egun bakoitzerako. Umeentzako gunea eta atrakzioek ere ordutegi bera izango dute.

Larunbateko programazioari dagokionez, 11:00etan, kanpamentuak zabaldu, artilleria-salbak egin eta bisita antzeztuak egingo dituzte. Ordubete beranduago, soldaduen erronda antolatu da, bai eta haurrentzako jarduerak eta XIX. mendeko instrukzio militarraren erakustaldia ere. Halaber, musika, txotxongiloak, dueluak, intsigniak banatzeko ekitaldia eta erronda militarra egongo dira, 13:00ean. Arratsaldean, Napoleonen garaiko guda baten antzezpena egingo dute. Kanpamentuak eta umeen gunea 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 21:30era egongo dira zabalik.

Apirilaren 7an ordutegia berbera izango da. Familientzako lantegiak 12:00etan jarriko dira martxan. Gainera, ordu horretan bertan eta 18:00etan soldaduen errondak egingo dira.

Artisautza, gastronomia eta tokiko produktuak saltzeko 120 postu inguru jarriko dituzte Arriaga parkean. Horietan denetarik aurkitu ahalko da: kosmetikoak, bitxiak, apaingarriak, gozogintzako gaiak, osagarriak, lurrinak…

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide