Uretan blai datorren zientzia

Juanma Gallego 2018ko aza. 8a, 06:00
Gazte zein helduei bideratuta dago astea: baldintza bakarra kuriositatea izatea da. / EHU

EHUk antolatutako Zientzia Astea egingo dute BIBAT museoan. Gazte zein helduei zientzia hurbiltzea helburu duen ekimenak ura izango du aurtengo protagonista, baina hori ez da gai bakarra izango.

XVIII. ediziora iritsi da honezkero Euskal Herriko Unibertsitateak urtero antolatzen duen Zientzia Astea. Ohi bezala, gurean BIBAT museoan hartuko du aterpe zientziaren gizarteratzea helburu duen ekimenak. Orotara, gaur hasita eta igandera arte, 30 jarduera baino gehiago bildu dituzte: tailerrak, txoko zientifikoak, ibilbide didaktikoak, erakusketak, lehiaketak, janari-dastatzeak, irteerak eta bisita gidatuak, besteak beste. Programa osoa zientzia-astea.org webgunean ikusgai dago.

Ura hautatu dute aurtengo gai nagusi modura, eta urarekin lotura duten hainbat erakundek lagunduko dute gaian sakontzen: horien artean, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, URA agentzia, edota AMVISA daude, baina duela bi milurteko erromatarrek ere laguntza emango dute. Izan ere, larunbatean eta igandean berreraikuntza historikoan lan egiten duen Cohors I Gallica taldeak irudikatuko du nolakoa izan zen uraren eguneroko erabilera erromatar inperioaren garaiko etxe batean.

Denbora asko ez dutenek bereziki eskertuko dute hainbat gai batera eta modu arinean biltzen dituen Zientzia Club ekitaldia. Ostiral arratsaldean aurkeztuko dituzte hamar minutuko ikuskizun edo bakarrizketa laburrak; EHUko ikertzaileek ohiko seriotasun akademikoa alde batera utzi eta modu informalean pilula informatiboak emango dituzte. Adibidez, KimikArte bloga idazten duen Oskar Gonzalez Mendia kimikaria saiatuko da argitzen nor izan den artelan batean kaka egin duena, eta Marta Kopinska eta Agurtzane Azkaray hizkuntzalariek hizkuntza bat ikastearen gorabeheren berri emango dituzte.

Bestalde, ingurumenari lotutako jardun egokiak azaltzen dituen erakusketa zabalduko dute Bibaten. Baina Zientzia Asteak museoko ateak zeharkatuko ditu, baita ere, kanpoan hainbat bisitaldi gidatu antolatu dituztelako: adibidez, hirian zehar barreiatuta dauden harri igneoak, sedimentarioak eta metamorfikoak bereizten ikasteko bisitaldia egingo dute, Krispiñako araztegiaren funtzionamendua azalduko dute, eta Mamia okindegi lantegian ogia nola egiten den irakatsiko dute

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide