Derrigorrezko "auzolanak" polemika piztu du

Juanma Gallego 2018ko aza. 6a, 14:23
Zozketatuko diren hamar etxebizitzetatik lau Aiztogile kalean daude. / ALEA

Gasteizko Alde Zaharrean alokairuzko etxebizitza bat eskuratu ahal izateko gazteek zortzi ordutako auzolana egin behar izatea kritikatu du oposizioak. Zozketa bidezko esleipenak alboratzeko ere eskatu dute.

Hautsak harrotu ditu Gasteizen alokairu sozialean etxebizitza bat eskuratu ahal izateko Udalak jarritako baldintzak. Alokairu kontratuetan ohikoak diren hainbat betebeharrez gain, etxebizitza erabiliko duten gazteek hilean 8 orduz auzoko kolektiboekin kolaboratzeko konpromisoa hartu behar dute, halabeharrez. Hala agertzen da adierazita Aiztogile kaleko 92. zenbakian lau etxebizitza alokairuan eskuratzeko 21 Zabalgunea udal hirigintza elkarteak egindako deialdian.

2014. urtekoa da jatorrizko agiria, baina orain piztu da polemika, Irabazi alderdiak aste honetan egin duelako aferaren gaineko salaketa publikoa. Izan ere, gaiaren inguruan egin den azken zirriborroan baldintza hori bere horretan mantentzen da.

Agirian hau azaltzen da: "adjudikaziodunek komunitatearen garapenean parte hartuko dute, eta horretarako gutxienez, hilean zortzi ordu emango dituzte etxebizitzak dauden auzoan irabazi-asmorik gabeko elkarteekin, kolektiboekin edo auzoko elkarteekin kolaboratzeko eta lanean aritzeko". Horretarako, etxebizitza eskuratu nahi duenak konpromiso bat sinatu behar du, eta lan horiek justifikatzeko eskatzen zaion dokumentazioa aurkezteko prest agertu behar du, gainera. Ez dira zehazten zein elkarterekin egingo liratekeen lan horiek.

Irabazi alderdiko zinegotzi Oskar Fernandez Martinen iritziz, baldintza honek traba egiten dio
"gazteek etxebizitza eskuratzeko duten oinarrizko eskubideari". Zinegotziak "xantaiatzat" jo du eskakizuna, eta hori onartzekotan "aurrekari arriskutsua" ezarriko litzatekeela uste du. Fernandez Marinen esanetan, "ez dauka zentzutik prestazio bat eskatzea eskubide bat eskuratzearen truke". Hortaz, "gazteek ez dute derrigorrez aparteko lanik egin behar, ez bada borondatez". Hirian hiru urtez erroldatuta egoteko eskakizuna bertan behera uzteko eskatu du ere, "krisi ekonomikoa dela eta migratu behar izan duten gazte asko" itzultzen ari direlakoan.

"Elektoralismoa"

Gasteizko Ahal Dugu eta EH Bildu alderdiek ere kritika agertu dute gaiaren harira. Ahal Duguk kutsu elektoralista ikusi dio neurriari. "10 etxebizitza aterako dira zozketan, Gasteizen 8.000 etxebizitza huts daudenean, horietatik gehienak erakunde publikoen edo finantza erakundeen esku daudela".
EH Bilduk ordainketa errentaren bidez egin behar dela uste du, "bestelako ordainketarik egin behar izan gabe". Hiru alderdiek eskatu dute zozketaren sistema bertan behera uzteko, eta Etxebide agentziaren zerrendetara jotzea etxebizitza horietara nor sartu behar den erabakitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide