Antzinako Musika Asteak zortzi kontzertu eskainiko ditu

Erredakzioa 2018ko abu. 29a, 17:33
La Ritirata irailaren 5ean arituko da, Santa Marian.

Arte Ederren museoan abiatuko da zikloa, larunbatean.

Antzinako Musika Astearen 36. edizioa Arte Ederren museoan abiatuko da, larunbatean, irailaren 1ean. 2015ean Sevillako hiru musikarik sortu zuten Le Nouveau Concert Ensemblek eskainiko du kontzertua. XVIII. mendeko oboe, biolontxelo eta klaberako errepertorioa irizpide historizistan oinarrituta interpretatzen dute.

Bigarren kontzertua Santa Maria katedralean izango da, irailaren 4an, La Danserye taldearen eskutik. Calasparran (Murtzia) sortu zen taldea, Erdi Aroko amaieratik Barrokoko hasiera bitarteko haize tresnak eta garai hartako musika ikertzeko, sortzeko eta zabaltzeko. Irailaren 5ean, katedral zaharrean ere, La Ritirata arituko da. Bilboko Josetxu Obregon biolontxelo jotzaileak sortu zuen taldea, interpretazio historikoan jarduten da, barrokoko, klasizismoko eta lehen erromantizismoko errepertorioak birsortzeko asmoz.

Ostegunean, irailaren 6an, Tiburtina emakumezkoen ahots taldea arituko da; 2008an sortu zuten Schola Benedicta taldeko kide ohiek. Tradizio honetan oinarrituta, mendebaleko kantu laua, Erdi Aroko musika polifonikoa eta musika garaikidea interpretatzen ditu.

Antzinako Musika Astearen azkeneko kontzertua Gasteizen hilaren 7an izango da; Ars Atlantica Ensemble Done Petri elizan arituko da. Manuel Vilas arpa jotzaileak zuzentzen du, eta XII. mendetik XVIII.era bitarteko musika eta antzerki errepertorio profano eta sakro latinoa interpretatzen jarduten du. Lorena Garcoa sopranoa eta Jose Pizarro tenorea izango ditu lagun.

Gasteizen egingo diren kontzertuetarako sarrerak doakoak dira eta Santa Maria Katedralaren atarian banatuko dira, ostegunean, irailaren 30ean, 17:30etatik aurrera. Kontzertuko bi sarrera jaso ahal izango ditu lagun bakoitzak. 

Hiriburuan ez ezik, Lapuebla de Labarcan, Murgian eta Amurrion izango dira kontzertuak, irailaren 2an, 8an eta 9an hurrenez hurren.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide