"Oraindik sasoiko sentitzen naiz triatloietan lehiatzeko"

Mirian Biteri 2018ko api. 8a, 09:04

Triatloia ezaguna ez zenean hasi zen praktikatzen Eneko Llanos triatleta gasteiztarra.

Kirola. Horrekin egon da eta dago erabat lotuta Eneko Llanos (Gasteiz, 1976) triatleta profesionalaren bizitza. Dagoeneko 26 urte pasa dira jarduera horretan sartu zenetik, eta oraindik ere mundu mailako lasterketa esanguratsuenetan lehiatzen da. Erretiroa gertu duela badaki ere, etorkizuna kirolarekin lotuta ikusten du.

Aspalditik datorkizu kirolarekiko zaletasuna. Txikia zinenean askotariko kirolak praktikatzen zenituen anaiarekin batera....

Bai. Gurasoak kirolariak izan dira beti eta guk ere bide beretik jo dugu. Kirola egin ahal izateko erraztasunak jarri dizkigute beti etxean, eta, esan bezala, txikitatik kirol mota asko praktikatu ditugu. Ni neu esku-pilota egiten hasi nintzen, igeriketa ere egin nuen urte askoan eta asteburutan mendira joaten ginen. Patinetan, bizikletan edo eskaladan ere ibilitakoa naiz. Egia esan, 17 urte bete nituen arte denetarik egin nuen, eta hortik aurrera, triatloiarekin hasi nintzen.

Badakigu zure aurrezkiekin lehendabiziko mendi bizikleta erosi zenuela. Garai hartan Gasteizen ez ziren horrenbeste ikusiko...

Hala da. Gasteizko lehenetariko mendi bizikleta izan zen nirea. Garai hartan, hiritik bizikletan mugitzen nintzen eta mendia gustuko nuen. Bi horiek lotzen zituen bizikleta zegoela jakin nuenean, aurreztu eta erostea erabaki nuen.  

Triatloira bueltatuta, zergatik erabaki zenuen kirol jarduera horretan sartzea?

Hektor anaiagatik. Bera ni baino lehenago hasi zen eta etxekoak probak ikustera joaten ginen. Erakargarria iruditu zitzaidan eta probatzea erabaki nuen. 1992ko urte amaieran egin nuen lehen duatloia, eta 1993an triatloiarekin hasi nintzen. Behin sartuta, entrenamenduak egitea, bidaiatzea eta lehiaketak egitea eskatzen dizu, eta azkenean, Ruth Brito Curbelo emaztea ere Kanarietan egindako triatloi bateko podiumean ezagutu nuen.

Emaztea triatleta duzu. Genero aldetik orekatuta dagoen kirola dela uste duzu?

Kirol mailan, zorionez, orekatuenetako bat dela iruditzen zait. Berdintasuna dago, adibidez, lehiatzeko distantzietan edo sarietan. Baina, gero, gizartearen isla ere bada; alegia, emakume batentzat, esaterako, zailagoa izan daiteke babesleak topatzea edo kirol horretatik bizi ahal izatea. Dena dela, hori galdetu beharko genieke emakumeei: Zarauzko Ainhoa Murua triatletari, esaterako.  

2000. urtean, Sidneyko olinpiar jokoetan parte hartu zenuen lehenengoz. Nola bizi izan zenuen esperientzia hori?

Kirol arloari begiratuz, ez zen nire frogarik onena izan; 23. postuan geratu nintzen. Orain, triatloia beste zerbait da, baina, 2000. urtean denbora gutxi zeraman joko olinpikoetako programan sartuta, eta, hortaz, guretzat oso gauza handia izan zen. Australian, gainera, zale asko izan ditu beti triatloiak, eta gogoan dut publiko asko egon zela lasterketa ikusten. Triatloia mundura begira jarri zen joko horietan. Horren ostean, entrenatzailez aldatu nuen; Iñigo Mujikak hartu zuen Pedro Garridoren lekua. Atenaseko jokoak heldu ziren gero, eta han 20. postua lortu nuen. Kirolariek beti gehiago nahi badugu ere, ezin naiz kexatu.    

Triatleta batentzako, dena dela, ironmanak dira gailurra. Ez da horrela?

Zorionez, triatloiak baditu hainbat modalitate eta bakoitzak gustukoen duena aukeratzen du. Nire garaian, triatloian hasi nintzenean, ironmana izaten zen erreferentzia, eta Hawaiikoa zegoen beste guztien gainetik. Hortaz, urte horietan, triatloi olinpikoan murgilduta egon arren, beti nuen buruan distantzia luzeago horietan proba egitea nahi nuela. Atenaseko jokoen ostean, erabaki nuen hurrengo urteari begira ironman-erako prestatzea, eta Hawairako sailkatzea.   

Zenbat aldiz parte hartu duzu Hawaiko proban?

2006. urtean izan zen lehen parte hartzea, eta ordutik, urtero egon naiz. Emaitzei dagokionez, hasierako urteetakoak oso onak izan ziren. Lehenengoan, bosgarrena izan nintzen; baina, emaitzarik onena 2008an lortu nuen, bigarren postuarekin. Geroago, lortu dut beste Top 10 bi edo egitea. Azken urteotan, ezin izan diot maila horri eutsi.    

Poztekoa, dena dela, goi mailako lasterketa delako...

Bai. Hawai munduko txapelketa bat da, oso zaila. Gogoan dut, gainera, 2008ko lasterketa horretan bigarren geratu banintzen ere, 15. kilometroan lehena jarri nintzela eta izugarria izan zela niretzako. Eta poztekoa da, aldi berean, denbora aurrera badoa ere, aurreko postuetan mantendu ahal izatea. Oraindik ere sasoiko sentitzen naiz eta lehia horretan jarraitzen dut.

Pentsatu duzu zer egin erretiroa hartzen duzunean?

Asko pentsatzen dut horretan, bereziki azken bi urteotan. Dagoeneko hasi naiz ohartzen profesionaletan lehiatzeko garaia amaitzear dagoela; babesleak topatzea gero eta zailagoa da. Hori horrela, beste kirolariak entrenatzearen aukerari irtenbidea ikusten diot, eta gustuko dut. Baina badakit kirolaz aparte beste arlo batzuetan ere moldatu naitekeela, eta ziur nago aurrera egiteko kapaz izango naizela.

Hala ere, oraindik ere, zure entrenamenduetan zaude buru-belarri sartuta. Nolakoa da zure egunerokoa?

Ez dute zerikusirik orain dela hamar urtekoekin. Lau urteko semea dugu eta aldatu behar izan ditut; askatasun gutxiago daukat orain, eta, normalean, goiza aprobatzen dut entrenatzeko. Gainera, triatloian aritzeaz gain, Ruth emazteak ere lan egiten du eta, hortaz, nahikoa lan dugu dena antolatzen. Beste edozein familia bezala, txandaka ibiltzen gara. Familia eta kirolaren arteko oreka mantentzen saiatzen gara. Azken asteotan, dena dela, gogorrago entrenatu dut, hilaren 15ean ironmana dudalako Hego Afrikan.

Horrez gain, zeintzuk dira etorkizunera begira dituzun probak?

Erabakitzeke daude. Hawaiiko ironman-era joateko munduko 50 onenen artean sailkatu behar zara; proba ezberdinetan joaten zara puntuak pilatzen. Hego Afrikan egiten dudanaren arabera, erabakiko dut alde batetik  edo bestetik jo.

Oso kirol gogorra da triatloia. Egunerokoa ere horrelakoa da?

Jendeak uste duena baino gutxiago. Egia da horretaz bizitzeak eskatzen dizula ardura apur bat izatea eta zaintzea, baina gero ez da beste munduko ezer. Entrenatu behar da eta jan ere oso ondo egin behar dugu, asko erretzen dugulako. Ni barazki-jalea naiz aspalditik, baina hori ez dago kirolarekin lotuta; erabaki pertsonala da. Horretaz aparte, ez naiz zorrotzegia elikadurarekin.

Beste kirol batzuekin alderatuta, esfortzu handia eskatzen duen eta trukean gutxi jasotzen den jarduera da triatloia. Ez al dizu inbidiarik ematen?

Batere; ez dut kexatzeko arrazoirik. Nik aukeratu dut triatloiak egitea; niretzako pribilegio bat da. Badago jendea bere lanean egon nahi ez duena, baldintza txarretan. Gustuko nuen kirola egiten hasi nintzen eta horretaz bizitzea lortu dut; eta gutxi balitz, oraindik gozatu egiten dut.

Dopina ere badago. Tokatu al zaizu gertutik bizitzea?

Bai. Virginia Imazekin. Lehiaketa eta bidaia asko partekatu ditugu eta kolpe ederra izan zen niretzako. Horrez gain, egon dira beste batzuk, bai. Baina, horrela bizi dudalako, badakit eliteko triatloian dopinik gabe lehiatu gaitezkeela. Gutxienena dela uste dut, eta ez da jende askok ikusi nahi duena bezala. Kasu gutxi daude, eta aurrerantzean gutxiago egotea espero dut.

Bestalde, zelako harremana duzue triatleten artean?

Lasterketa egunean, lehiakortasuna %100ekoa da; proba irauten duen bitartean oso kirol indibiduala baita. Baina, gero, giro ona dago lehiakideen artean edo, behintzat, ezagutzen garenon artean.

Gasteizko beste triatletekin batera entrenatzen duzu?

Oso gutxitan. Kosta egiten zait nire ordutegietara moldatu daitekeen edo nire mailan ibil daitekeen norbait topatzea. Kontuan hartu behar da nire garaian triatloia egiten zuten oso triatleta gutxi zeudela Gasteizen, eta ohitu naiz bakarrik entrenatzera. Emaztea, berriz, ezberdina da; beti dabil norbait topatzen.

Amaitu aurretik, zer da kirola zuretzako?

Bizimodu bat da. Esan bezala, egunen batean elite mailan lehiatzeari utzi beharko diot, baina kirola ez dut inoiz utziko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide