alea.eus

Gasteiz, miniaturazko sukaldaritzaren hiriburua

Erredakzioa 2018-03-12 11:39   Kultura  Gasteiz

Igandean, 3.000 pintxo baino gehiago saldu ziren Iradier Arenan jarri zuten "pintxo-barrarik handienean". Egunotan, aldiz, jardunaldi profesionalak egingo dituzte Europa jauregian.

Gasteiz, miniaturazko sukaldaritzaren hiriburua
Laurogei sukaldari profesional baino gehiago elkartuko ditu biltzarrak. / Miniature | Ikusi handiago | Argazki originala

Miniature Pintxos Congress biltzarraren bosgarren edizioa Gasteizen egiten ari da egunotan, martxoaren 14ra bitartean, eta Argentina izango da herrialde gonbidatua. Miniaturazko sukaldaritzaren eta pintxoen biltzarrak zazpi egunetara luzatuko du iraupena, eta iazko egoitza den Europa jauregiari beste leku batzuk batuko zaizkie: Iradier Arena, Azoka plaza (Abastos fundazioa) eta hiriko zenbait jatetxe.

Dozenaka sukaldari hurbilduko dira Gasteizera, programatutako hitzaldi, erakustaldi, afari, lehiaketa eta jarduera ludikoetan parte hartzera. Besteak beste, Andoni Luis Aduriz, Aizpea Oihaneder, Paul Arrillaga, Samanta Leskes eta Barbara Buanache sukaldariek parte hartuko dute. Webgune ofizialean eskuragai dago biltzarraren egitarau osoa, bai eta jardunaldi profesionaletan zein ludikoetan parte hartzeko izen-emate orriak ere: www.miniature.eus.

Asteburuan, esaterako, "pintxo-barrarik handiena" izan da Iradier Arenan. 30 establezimenduk 3.000 pintxo prestatu zituzten, eta ekitaldia uste baino arrakastatsuagoa izan zen. Ordu eta erdi batean pintxo guztiak amaitu ziren, eta bertaratu ziren bisitari asko mokadurik gabe geratu ziren. Hala, antolatzaileek barkamena eskatu dute, "aurreikuspen falta dela eta". 

Datozen egunotan, profesionalen esku geratuko dira jardunaldiak. Martxoaren 14ra bitartean, Miniature Pintxos Congress jardunaldi profesionalak egingo dituzte Europa jauregian. 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Izan zaitez ALEAkide.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa