Musika-tresnen bankua sortu dute Gasteizen

Erredakzioa 2017ko urr. 31a, 17:34

Musika Eskola eta Mugarik Gabeko Musikarien ekimena da. Jasotako instrumentuak Siriara bidaliko dituzte.

Gasteizko musika-tresnen banku berria aurkeztu dute gaur Udal Musika Eskolak eta Mugarik gabeko Musikariak elkarteak. Orain urtebete alde biek sinatutako hitzarmenak Musika Eskola garapen-bidean dauden herrialdeetan proiektu humanitarioak egiten dituen lehen musika-eskola bihurtzea aurreikusten zuen, eta tartean, Gasteizen instrumentuen bankua sortzea aipatzen zuen.

Hala, banku honen bitartez, musika munduko txoko guztietara eramango dute, "eta garatze bidean dauden herrialdeetako baliabide eskaseko umeak integratzeko tresna bihurtuko" dela azaldu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, ekimenaren aurkezpenean.

Instrumentuak, Siriara

Ostegunetik aurrera, eta abenduaren 1era arte, musika-tresnak dohaintzan eman ahal izango dira. Lehen edizio honetan biltzen den materiala musika ikasteko erabiliko da, Siriako musika eskoletan emandako irakaskuntzaren bidez. Baliabide gutxi duten pertsonak arteetan heztea da helburua.

Orkestra sinfonikoa osatzen duten tresnak edo horien osagaiak (arkuak, kokotsari eustekoak, hariak, etab.) eman ahalko dira dohaintzan. Beste tresna batzuk ere eman daitezke: teklatuak, pianoak, gitarrak eta akordeoiak.

Entregatzeko lekuak

Musika-tresnak Luis Aranburu Udal Musika Eskolan, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan eta Folklore Akademian utzi ahal izango dira. Entregatu aurretik, instrumentuari buruz ahalik eta informazio gehiena bildu behar da: datu tekniko eta historikoak, konponketak, etab. Gainera, instrumentuak oso handiak baldin badira, komeni da aldez aurretik eskolarekin harremanetan jartzea. Argibideetarako emmla.direccion@vitoria-gasteiz.org helbidera idatzi edo 945161688 telefono zenbakira deitu behar da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide