"Erraza da Errekaleorri babesa ematea, ardurak ahaztuta"

Anakoz Amenabar 2017ko eka. 8a, 09:37

Alvaro Iturritxa, Gasteizko udaletxean. /Saioa Fdz. de Aranguiz

Gasteizen eztabaidagai nagusietako bat dena du esku artean Alvaro Iturritxa Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaileak; Errekaleor eraisteko bidean, "erantzukizunez jokatzeko" eskatu die oposizioko alderdiei. 

Errekaleor eraisteko proiektua lizitatzea onartu zuen asteartean 21 Zabalgunea udal elkarteak. Auzoko etxebizitzak segurtasunerako "arriskutsuak" izateaz gainera, hasierako bizilagunekin hasitako prozesua amaitzea beste aukerarik ez dela uste du Alvaro Iturritxak (Gasteiz, 1969), elkarteko EAJren aholkulariak.  

Proiektua lizitatzea onartu duzue. Hemendik aurrera, zer pauso emango dira? 

Auzoa hutsarazteko jarrita zeuden helburuekin jarraitu dugu, eta proiektua eskatu dugu. Hemendik aurrera, uztaila arteko epea izango da proiektua garatzeko; proiektua esku artean dugunean, Errekaleor okupatzen ari direnen egoera juridikoa planteatuko dugu, eta ebazpen judizialaren zain geratuko gara, auzoaren zati bat eraitsi behar den, osoa, edo nola egin erabakitzeko. 

Erabakiak ez du atzera bueltarik? 

Ezetz uste dut. Eta bi arrazoi nagusigatik. Batetik, betebehar legala delako, hasierako desjabetze prozesuari jarraipena eman behar zaiolako, eta hasierako auzokideekin hitzartutakoa, legezko auzokideekin adostutakoa, bete behar dugulako. Eta, bestetik, egoera kezkagarria delako, eta 21 Zabalguneko aholkulari garenak bertan hartzen diren erabakien erantzule zuzenak garelako; alegia, hirigintza oinarri hartuta, infraetxeak direla kontuan izanik, espedientea bete behar dugu, are gehiago egoera prekario batean daudela jakinik, segurtasun neurri nahikorik gabe, gure gain ere arrisku bat ari garelako hartzen.

Segurtasun falta hori zalantzan jarri dute auzokideek, ordea.

Ulertu dezaket euren espiritu erromantikoa auzo bat okupatu eta hutsik zeuden etxeei bizia ematen zaienean, baina hori ez da zertan Errekaleorren egin behar, eta proposamen alternatibo bat egin diegu, Aretxabaletan; pertsonentzako segurtasun baldintza eta berme nahikoak dituen alternatiba bat, eurei arriskurik eragin gabe, eta Udaleko sozietateetan erantzukizuna dugunoi ere kalterik eragin gabe. Ni neu ere izan nintzen legealdi hasieran Errekaleor bisitatzen, eta benetan proiektu interesgarria iruditu zitzaidan, baina ezin da arrisku hori hartu. Oposizioan dauden alderdiei ere eskatuko nieke arduraz joka dezaten gai honetan, euren erantzukizuna ahaztu gabe; alde politiko batetik oso erraza da babesa ematea mugimendu batek auzoa okupatzen jarrai dezan, erakundeetan gaudenon ardura eta erantzukizuna ahaztuta.  

Jose Angel Cuerda alkate ohiarekin hitz egin duzue? Errekaleor bisitatu behar zuen aste honetan, eta badu esperientzia okupazio gaietan.  

Cuerdak duen iritzia duen informazioaren araberakoa izango da, jende askori gertatu zaion moduan. Hainbatek babesa eman diote Errekaleorri, baina uste dut parte bat baino ez dutela ezagutzen, eta gure helburua dena ezagutaraztea da. Benetako arriskuak ezagutzen direnean, etxeen egoera, bestelakoa da iritzia. Hau da, aste honetakoa ez da inprobisatutako erabaki bat, aspaldi hartu beharrekoa baizik, eta ziurrenik gatazka ebitatzeagatik hartu ez dena. Momentu honetan ez dago beste aukerarik. Aldatu egiten da hasierako iritzi erromantikoa arriskua dagoela, administrazioak erantzukizuna duela eta alternatiba bat badela ezagutzen denean.

Komunikazio arazo bat du Udalak, hortaz?  

Arazo teknikoak askotan aspergarriak dira, legearen funtzionamendua azaldu behar duzunean, desjabetze dosier bat nola garatu azaltzen duzunean... Baina uste dut aurrera aterako dugula. Ados edo kontra egoteko, herritarrek informazio guztia behar dute mahai gainean. 

Manifestazio jendetsua izan zen larunbatean Errekaleorren alde, eta ez duzue baloraziorik egin, ezta?  

Ez dut uste ofizialki egin denik, baina ez daukat arazorik egiteko.

 

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 108. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago