Kontrol-neurriak eskatu dituzte matrikulaziorako

Anakoz Amenabar 2017ko mar. 8a, 13:40
Hezkuntza eta gizarte esparruko hainbat adituk osatu dute Hezkuntza eta Aniztasuna gai izan duen mahaia. /Alea

Segregazioari aurre egiteko, "iruzurrak saihesteko neurriak" jarri behar direla uste dute hezkuntzako eragileek.

 

Eskola segregazioaren arrazoiei eta ondorioei buruzko analisi bateratua egin eta hezkuntza agintari eta eragileei lan proposamen bat egiteko asmoz, Hezkuntza eta Aniztasuna izeneko mahaia osatu zuen Gasteizko Udalak duela urtebete, hezkuntza alorreko adituekin. Egindako azterlanaren arabera, jatorri atzerritarra duten ikasleen kontzentrazio handia egoteak "estigmatizatu" egiten ditu eta "zaildu" egiten du gizarte kohesioa. Egoerari buelta eman eta ikastetxe "ireki eta inklusiboak" antolatu aldera, premiazko hainbat neurri  proposatu dituzte. 

Egindako diagnostikoak jasotzen du Gasteizko ikastetxe askotan gehiengoa direla jatorri atzerritarra eta familiaren Indize sozioekonomiko eta kulturala (ISEK) baxua duten ikasleak. Ikastetxe horietan jatorriz atzerritarrak diren ikasleen ehunekoak Jaurlaritzak gomendatzen duen kopurua (%30) gainditzen du, batik bat sare publikoan. "Kontuan hartuta atzerrian jaiotako pertsonen proportzio guztia %11,8koa dela, ez du ematen hiriko kontzentrazioa erabakigarria denik justifikatzeko hain kopuru handiak dituzten ikastetxeak egotea", nabarmendu dute.

"Ikastetxe segregatuetarako talka-neurriak eskatu dituzte"

Adituen arabera, gizarte mailaren arabera eta jatorriaren arabera banatzeak "zaildu" egiten du gizarte-kohesioa eta "estigmatizatu" egiten du, "gure ondoko herrialdeetan ikusten ari gara, eta ez genuke nahi gure inguruan halakorik gertatzea". Halaber, gogoratu dute ISEK indize baxua duten ikasleen kontzentrazioak eragin negatiboa duela ikasle horien errendimendu akademikoan, ebaluazio diagnostikoek adierazten duten moduan. 

Arrazoiei erreparatuta, azaldu dute ISEK baxua duten familia inmigranteek oso aukera gutxi dituztela ikastetxea aukeratzeko, eskuratu dezaketen informazioan mugak dituztelako, eta ikastetxe batzuen eta besteen artean hainbat ezberdintasun daudelako kostuan. Halaber, ikastetxeek egoerari aurre egiteko hezkuntza-proiektu erakargarriak garatzeko laguntza eta baliabide nahikorik ez dute. 

Egoera horren aurrean, botere publikoek "hausnarketa horretan sakondu" behar dutela uste dute, segregaziorantz doan gizartearen norbidea aldatzeko: "Izan ere, gizarte honetan, immigranteei eskatzen zaie, baina, aldi berean, ezin zaizkie eskaini integrazio hori gauzatzeko bide egokiak". Euren esanetan, hiriko errealitatea ez da islatzen aniztasunik ez dagoen ikastetxeetan, baina ezta atzerritarrek gehiengoa osatzen dutenetan. "Administrazioak, hezkuntzako gainontzeko eragileekin lankidetzan,  jatorria eta errenta indizearen arteko oreka zaindu behar du". 

Eskolatze bulegoak

Hala, "premiazko" neurrien artean, mahaiak hainbat proposamen egin ditu. Eusko Jaurlaritzak Eskolatze Bulegoak sortzea eskatu dute, "familiei informazio pertsonalizatua eman eta, era berean, ikastetxeen eta sareen artean oreka sustatzeko jatorri eta errenta indizeko ikasleei dagokienez". Halaber, matrikulazioan "kontrol-neurriak" eskatu dituzte, "ikasleak aukeratzeko jardunbideak eta iruzurrak saihesteko".

Besteak beste, proposatu dute ikasle iritsi berriak matrikulatzeko prozesuan hezkuntza-administrazioak hiriko ikastetxe guztiak aintzat hartzea, eta eskari gehien dituzten ikastetxeetan ratioa handitzeko eta  talde berriak irekitzeko baimenik ez ematea.   

Ikastetxe segregatuetarako laguntza neurriak ere mahai gainean jarri dituzte, ghettoak sortzeko joerak aldatzeko "talka planak" abiatuta edota bat-batean sortutako premiei errefortzurako irakasleak jarrita. 

Proposamenak Jaurlaritzak kontuan har ditzan eskatu dute eta horiek martxan jartzeko aukera aintzat har dezan. Besteak beste, Denon Eskola, Sarean, Al-Indimay, Kristau Eskola, Erkide elkarteek eta Udaleko alderdi politikoek izendatutako pertsonek osatu dute mahaia. 

  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide