Autorik gabe bizi daitekeela agerian utzi dute herritarrek

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko urr. 11a, 17:08

Mugikortasunaren astean Desautoxikatu ekimenean parte hartu dute eta astebetez, autoa etxean utzi eta garraio iraunkorragoak erabiliz mugitu dira hiritik.

Astebetez autoa aparkatuta utzi eta eguneroko zereginak garraio iraunkorragoak  erabiliz egitea. Hauxe izan da lau arabarrek gainditu duten erronka. Irailaren 19tik 23ra bitartean, hirian ospatu den mugikortasunaren astearen barruan egin den DesAutoxikatu ekimenean parte hartu dute, helburu bakar batekin: autoarekiko mendekotasuna gutxitzea. Oinez, autobusez, tranbiaz edo bizikletaz joan dira lanera edo gimnasiora, erosketak egitera edo seme-alabekin eskolara. Euren eguneroko jarduerak egin dituzte autorik gabe. Eta erabakia erraza izan bada ere, guztiek bat egin dute: "aberasgarria izan da". 

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren lehendakari Iñaki Prusillak zoriondu ditu parte-hartzaileak. "Gainerako herritarrak ohiturak aldatu eta garraiobide iraunkorren alde egin dezaten kontzientziatzen lagundu dute". Herritarrak autoa alde batera uztera animatzearekin batera,  halaber, ekinaldi hau baliagarria izan da Gasteizek mugikortasunean dituen gabeziak agerian uzteko eta neurriak hartzeko.

Partaideak ingurumenarekin kontzientziatuta daude. Ez da ingurua zaintzeko egiten duten lehendabiziko ekintza, IGIk antolatzen duen Etxe Berdeak programaren partaideak dira, etxean ohitura jasangarriagoak bultzatzen dituena, hain zuzen ere. Energia, hondakinak, ura, ortuak, kontsumo arduratsua eta mugikortasunaren arloak lantzen dituzte familiek eta azken eremu honetan kokatzen da egitasmo hau.

Astebetean bizitako esperientzia kontatu diote Aleari Maribel Hernandezek, Natalia Preciadok, Montse Prietok, Javier Rodriguez de Herediak eta Jon Kepa Izagirrek. 

 

PARTE-HARTZAILEAK

 Maribel Hernandez, komertziala

Ogibidez komertziala, oso kontzientziatuta dago ingurumen gaiekin. Horregatik erabaki zuen programan parte hartze, bere lana nolakoa den kontuan hartuta "erraza" ez bada ere. Gasteizko eta inguruko herrietako bezeroak bisitatu behar ditu, eta autoa egunero etxean aparkatuta uztea  haren lanean posible ez dela dio. Baina saiakera egin eta, aurrerantzean, astean bi egunetan  garraio jasangarria erabiltzeko hautua egin du. "Oso aberasgarria izan da, maila profesionalean zein pertsonalean, eta nire mugak zeintzuk diren deskubritu dut”. Autobusez, tranbiaz eta oinez mugitu da eta horrek lasterbideak ezagutzea ahalbidetu dio. "Dendetatik egin ohi dudan ibilbidea berrantolatzeko aukera eman dit esperientzia honek".

 

Montse Prieto eta Javier Rodriguez de Heredia, jatetxeko jabeak

Orain arte, San Martin auzoan duten jatetxeko zereginak motorra eta autoarekin egiten zituen bikote honek, baina garraio publikoa "aurkikuntza" bat izan dela azaldu dute. "Gure kasuan, behintzat, primeran datozkigu ordutegiak eta geltokiak". Horretarako, Tranvit aplikazioa "oso erabilgarria" egin zaie. Baina, "ingurumena zaintzen duten autobus berriak jarri behar direla ere uste dugu". Erdigunera, esaterako, autoz joatea "zentzugabekoa" deka uste dute eta hortaz, autoa soilik "ezinbestekoa" denean hartzeko ohitura horrekin jarraitu nahi dute, "askoz praktikoagoa da guretzat". "Gehienetan inertziaz egiten ditugu gauzak, mugikortasunari dagozkion kontuetan ere, eta kontziente izatea funtsezkoa da. Pozik gaude eta ingurukoei hori transmititu diegu".

 

Natalia Preciado, langabetua

Alde Zaharrean bizi arren, joan-etorri guztiak autoz egitera ohituta dago Natalia. Esperientzia positibotzat jo du, baina, aldi berean, "gogorra" izan dela dio. Aitortu duenez, "oraintxe bertan ezingo nuke autoa aparkatuta utzi asteko egun guztietan”. Bereziki kostatu zaio autobus zerbitzuaren ordutegiekin moldatzea eta erdigunetik kanpora mugitzerakoan zailtasunak topatu dituela adierazi du. "Adibidez, ezinezkoa egiten zait nire semearekin zenbait ibilbide oinez egitea, nekatzen baita". Hala ere, auzoan edo inguruetan mugitzeko oinez edo bizikletaz joatea "praktikoagoa" dela konturatu da, "denbora asko aurrezten baituzu". Dena den, momentuz ez da gai izango autoa guztiz alboratuta uzteko, "baina, tarteka,  goizeko enkarguak bizikletan egiten saiatuko naiz".

 

Jon Kepa Izagirre, kimikaria

 

Egunero ordubete lehenago esnatu eta sei kilometroko bidea egin du kimikari honek Jundizen duen lanpostura joateko.  Ondoren, autobusean itzuli eta arratsaldean, emaztearekin batera oinez joaten da erdigunera. Egunean 26 kilometro inguru egin ditu. "Esfortzua izugarria da, baina merezi du". Esperientzia honek, ordea, industrialdeak dituen gabeziak ikusteko aukera eman dio. "Oso argi gutxi dago eta autobus zerbitzuak eta oinezkoentzako pasabideak urriak dira". Eta horregatik enpresariak eta langileak gehiago inplikatu behar direla uste du. Gainera, "autorik gabe mugitzeak estresa saihesten du, osasungarriagoa da; ohiturak aldatzea da gakoa". Hemendik aurrera, lankide batekin elkarbanatuko du autoa egunero lantegira joateko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide