FesTValen, euskarazko jardunaldi bat lehen aldiz

Itsaso Estarrona 2016ko uzt. 8a, 17:30

Eutsi telebistari! izeneko biltzar txikia egingo dute Europa jauregian

2009an abiatu zenetik, kritika ugari jaso ditu Gasteizko FesTVal telebista jaialdiak, euskara eta euskal sormenak alboratzeagatik. Bada: aurten lehen aldiz, euskarazko jardunaldi bat egingo dute Europa jauregian, Udalean egin duten aurkezpen publikoan iragarri dutenez. 

Zehazki, Eutsi telebistari! izeneko biltzar txikia antolatu dute, ProFesTVal izenburupean ikus-entzunezkoen profesionalei eta ikasleei begira egiten den ekimenean.

Hain zuzen, ikus-entzunezkoen ikasleei eta euskal ekoiztetxe eta profesionalei zuzendutako elkargunea izango da, eta antolatzaileen hitzetan "urtez urte hazten joatea da asmoa", mahai-inguruak, maisu eskolak, hitzaldiak eta profesionalen topaketak eginez. ETBren eta Eiken Basque Audiovisual elkartearen partaidetza izango du.

Aurtengo programazioan, euskal aktoreen mahai-ingurua antolatu dute, Euskaditik kanpo serieetan izandako esperientziak eta lan egiteko moduak kontatu ditzaten; Goenkaleri omenaldia egingo diote, eta hitzaldiak ere egingo dituzte, besteak beste, formatu/serie arrakastatsu bat nola garatu azaltzeko. Azkenik, Eiken Basque Audiovisual elkartearen topaketa egingo dute; eragile horren helburua talentua sustatzea da. 9. edizioaren proiektu finalisten pitching edo aurkezpen saioa eta aurtengo irabazlearen aurrerapena ere egingo dituzte.

14 telebista kate

Gasteizko FesTVal Telebista Jaialdiaren zortzigarren edizioa irailaren 5etik 10era izango da, eta orain arte hamalau telebista katek baieztatu dute parte-hartzea: TVE, Antena 3, La Sexta, ETB, Discovery Max, MTV, Ten, # 0, Flooxer, Fox, Paramount Channel, DKiss, History Channel eta France 3.

Egitarauaren baitan, 11 serie eta saioren erabateko estreinaldiak eskainiko dira, bai eta haurrentzako programak, zuzeneko aurkezpenak eta kirol jarduerak ere.

Gainera, hainbat sari banatuko diuzte: Joan Ramón Mainat sariak, Kritikaren sariak, EITB saria, Espainiako Gidoilarien Sindikatuak ematen duen "Alma" saria, eta  'Dirige' TBko fikzio zuzendarien elkartearen saria.

Bi egoitza nagusi izango ditu aurtengo edizioak: Principal antzokian estreinaldiak eta amaiera gala egingo dira; Europa biltzar etxean, aurkezpenak, prentsaurrekoak eta ProFesTVal jardunaldietako egitaraua; Eskoriatza-Eskibel jauregia ere erabiliko dute. Irailaren 10ean (larunbata) egingo dute FesTValaren amaiera gala,  Principal antzokian, Luis Larrodera zuzendari eta aurkezle lanetan.

ProfesTVal

Euskarazko biltzarraz gain, beste hainbat lantegi eta hitzaldi egingo dituzte ProfesTVal izeneko egitarauaren baitan: 

  1. 'Televisión e innovación' hitzaldia; hizlaria: Manuel Balsera, AMC Networks International Iberia ekoiztetxeko Salmenta eta Marketing lehendakariordea; Espainia eta Portugalerako kate tematikoen ekoizle handiena da enpresa hori. Balserak estatistikak eta telebista kontsumitzeko joera berrien erabilerak azalduko ditu, hala nola bigarren pantailak eta telebista lineala.
  2. Hitzaldi-solasaldia, Dirige-Espainiako TBko fikzio zuzendarien elkartearen eskutik. Belaunaldien serieak izango dira hizpide
  3. 'Music Library' lantegia. Musikaz eta edukiaz mintzatzea da ideia, soinuak zein garrantzia duen eta horrek telebista produktuari nola eragiten dion. Zehazki, telebistarako soinu banda nola sortu azalduko dute.
  4. 'Flooxer' mahai-ingurua. Ikus-entzunezkoen sorkuntzako plataforma berri horrek izan duen arrakastaren ondoren,  datorren denboraldirako berrikuntzak aurkeztuko dituzte eta sektorean berritzeko eredu berriak aztertu.

Frantziarekin elkarlana

FesTValak Luchoneko Telebista Sorkuntzen Jaialdiarekin (Frantzia) duela bi urte sortutako lankidetzari eutsiko dio; aipatutako jaialdia herrialde hartako garrantzitsuetako bat da, eta 18 edizio bete ditu. Lankidetza horren bitartez, frantses jaialdiaren aurreko edizioan FesTValaren barruan aurkeztu edo saritutako serie espainiarrak aurkeztu zituzten, esaterako, Vis a Vis.

Irailean, FesTVal jaialdiaren barruan  France 3 katearen Elles... Les filles du Plessis telefilmaren jatorrizko bertsioa emango dute; benetako gertakarietan oinarritutako lan horrek epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Luchoneko Jaialdiaren azken edizioan. 1970eko hamarkadan, Plessisko zentroan haurdun zeuden gazteak hartzen zituzten, haien jatorriari begiratu gabe, eta haiek bertako diziplinari men egin behar zioten beren bizitzak bideratu nahi bazituzten.

"Ponle Freno" lasterketa

Bestalde, irailaren 10erako (igandea), Ponle freno lasterketaren hirugarren edizioa antolatu du Atresmediak Gasteizko FesTValaren barruan. 10:30ean hasita, hiri barruko zirkuitua egingo dute, bi aukera eskainiz (5 edo 10 kilometro). Izena emateko epea zabalik dago www.ponlefreno.com web-orrian.

Arabako hiriburuan egindako aurreko bi edizioetan 2.000 parte-hartzaile baino gehiago izan zen, eta bildutakoa Zuzenak taldeari eta Atece Araba elkarteei eman zioten.

Udako zinema, Movistar + Tour

Aurten ere, Movistar + konpainiak Espainia plaza hartuko du irailaren 9an eta 10ean (ostirala eta larunbata) udako zinema handia jartzeko: goizez eta gauez saioak, film arrakastatsuak eta serieak proiektatuko dira. Sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte.

Gastronomia FesTValean

Ohikoa denez, FesTValak hiriko zein Euskadiko eta estatuko entitateekiko lankidetza sustatzen du. 2016ko edizioan Gasteiz On elkartearekiko lankidetza hitzarmena berrituko da, elkartearen barruan dauden saltokietan eta ostalaritza-establezimenduetan promozio jarduerak eta zozketak egiteko. Gastronomiak ere lekua izango du programazioan, zehazki, FesTVal menuen ibilbidearekin: Euskadi Gastronomika produktu klubaren, Bacalao Giraldo etxearen eta Arabako Txakolineko upeltegien laguntzarekin pikatzeko menuak eskainiko dituzte, 10 euroan.

Azkenik, FesTValak beste lankidetza hitzarmen bat sinatu du  Zaragozako ikus-entzunezkoen prestakuntzako CPA Salduie fundazioarekin, bertako ikasleek praktikak egin ditzaten; Apika-Arabako ikus-entzunezkoen ekoizleen elkarteak ere lagunduko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide