Alkatearen etorkizunerako proposamenak, tartean, Emakumearen etxea eta zentro kultural berri bat

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko uzt. 1a, 16:44

Datorren astean zerga politikari buruzko proposamen integrala helaraziko die Udal Gobernuak udal talde politikoei. Udalaren zorra 118 milioira iristen da.

Udal politikari buruzko osoko bilkuraren lehen saioan, Gasteizko alkateak hirian gauzatuko diren zenbait proiekturen berri eman zuen. Gaurko bigarren saioan, gainerako talde politikoen txanda izango da.

Hezkuntza

Hezkuntza arloan, kulturaniztasuna bultzatzeko beharra azpimarratu du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Gainera, 2018-19 ikasturtean Salburuko Errekabarri eta Zabalganako Aldaialde ikastetxeak funtzionamenduan egotea aurreikusten du, hauek eraikitzeko lurzoruak berehala Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko direlako.

Adinekoak

Gorka Urtaranek iragarri du laster adinekoentzako aholkularitza juridikoko zerbitzua jarriko dela adinekoentzako zentro soziokulturaletan. Arabako Abokatuen Elkargoaren laguntzarekin sortuko da proiektua, eta adinekoei, haiek zaintzen dituztenei eta gizarte-zerbitzuetako profesionalei laguntza emango die hainbat alorretan

Emakumearen Etxea

Era berean, irailetik aurrera, Emakumearen Etxearen kudeaketa nolakoa izango den zehaztuko duen prozesu parte-hartzaileari ekingo diola esan zuen. Hiriko emakumeen elkarteekin eta Berdintasun Sailarekin elkarlanean egingo dela adierazi du. Santa Maria kalean kokatzen den Etxanobe jauregia (Landatxo aurrean) aipatu du kokaleku bezala, baina ekarpenak jasotzeko prest daudela gaineratu du.

Gasteizko Kafe Antzokia

Gasteizko Kafe Antzokiaren kokapena “berehala” ezagutuko dugula azaldu zuen alkatea. Bere asmoa 2017tik aurrera proiektua martxan jartzea da.

Kultura Eratzen zentroa

Aranan kokatzen den Ignacio Aldecoa ikastetxe ohian egongo litzateke sorkuntzarako gune berri hau. 3.600 metro kuadro izango lituzke eta 750.000 euroko inbertsioarekin. Horretarako, Vital Fundazioaren laguntza izango luke Udalak. Gune hau sortzeko mekanismoak abian jarri dituztela iragarri du alkateak.

Garraioa

Forondako aireportuari dagokionez, azpiegitura hori bizirik mantentzeko apustua azpimarratu du alkateak: "gure esku ditugun baliabide demokratiko guztiak baliatuko ditugu Espainiako gobernu berriak konpromisoa har dezan Forondarekin eta 24 orduko zerbitzua eta mugak ikuskatzeko postua berreskuratzearekin". Ildo beretik, Gorka Urtaranek iragarri du ahaleginak egingo dituela gobernu berriak Jundizko zentro logistiko multimodalarekiko konpromisoa har dezan. Gauza bera egingo du abiadura handiko trena Gasteizera lurpetik iristeari eta Triana inguruan espazio intermodala sortzeari dagokienez.

Era berean, azterlan gehigarria egingo da Arabatran proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko, horrek ez duelako eragozten "tranbia Salburura eta Zabalganera luzatzea, osagarria izan baitaiteke". Izan ere, tranbia "hiri-garraio arrakastatsua gertatu da eta orain lineak luzatzeko aukera dugu: Eusko Jaurlaritza eta Aldundia gure alde ditugu, proiektua aldezten eta % 82,5eko finantzaketa ematen. Hori dela eta, ezin dut ulertu sustatzen ari garen Mugikortasun Iraunkorreko Sistemari esker hiriak aurre egiteari taldeek eman dioten ukoa", nabarmendu du.

Enplegua

Enpleguari dagokienez, aurtengo bigarren seihilekorako Udalak prestakuntza-ildo berezia sortu du 30 urtetik beherakoei eta 45 urtetik gorakoei begira, eta Lanbideren diru-laguntzak eskatuko ditu tokiko enplegu plan berri bat (2,7 milioi eurokoa) sustatzearren, Gasteizen enplegua sortzen laguntzeko.

Ekonomia

Aurten abiarazitako ekonomia-politikei dagokienez, industria zerbitzua sortu dutela azpimarratu du alkateak. Zerbitzuak industrialdeen egoeraren inguruko diagnostiko-txostena eta pabiloi, instalazio eta lursailen arloko inbentario espezializatua egin du eta berehala aurkeztuko dute batzordean. Bestetik, Sprilur eta Araba Garapen Agentziarekin batera, industria guneetako jarduera ekonomikorik gabeko lurzoru eta pabiloiak merkaturatzeko plana abian jartzeko asmoa agertu du. Merkataritza eta ostalaritza arloetan, aldiz, ekintzailetzari buruzko aholkularitza berezitua eskaintzeko zerbitzua martxan jarriko da.

Hemendik urte bukaerara arte, bestalde, Udalak 1,8 milioi euro gehiago jarriko ditu "urrezko auzoetan" etxebizitzak birgaitzeko eta ahalegin berezia egingo du berdeguneak mantentzeko kontratu berrian urtean egiten den sega-kopurua hirura igotzeko.

Paktu fiskala

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri du datorren astean zerga politikari buruzko proposamen integrala helaraziko diela udal talde politikoei. Itun horren helburua izango da udalaren diru-sarrerak ohiko gastura egokitzea, Udalak "hiria modernizatzeko behar den finantza indarra berreskuratu dezan", egoera ekonomikoa zaila baita. Izan ere, udalaren zorra 118 milioi euroko da; “funts likidoak -38 milioi dira, eta aurreko gobernuak utzitako zulo ekonomikoa 68koa”, Urtaranek azaldu duenez. “Epe luzerako akordio ekonomiko eta politikoa lortu behar dugu, itun bat, horren emaitzak ikusteko urteak igaroko badira ere”, esan du.

Ildo beretik, Gorka Urtaranek jakinarazi du bilerak egingo dituela Udalbatzako talde guztiekin Gasteizko mugikortasun sistema berriaren ezarpena desblokeatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide