Errekaleorreko desjabetze prozesua bukatuko du Udalak

Itsaso Estarrona 2016ko mar. 16a, 11:57

Bere jabetzakoak ez ziren azken bi etxebizitzak eskuratuko ditu bihar 21 Zabalgunea udal-enpresak; oraingoz, hala ere, ezin izango du auzoa bota.

Hamabost urteko prozesu malkartsu baten ondoren, Errekaleorreko pisu guztien jabetza lortuko du bihar 21 Zabalgunea udal-enpresak. Modu horretan, auzoa bota ahal izateko beharrezkoa zuen baldintzetako bat beteko du Udalak. 

Etxebizitza jabetzan duten azken bi familien pisuak desjabetzeko, bihar dute jabeekin hitzordua Prado parkearen ondoko Gure Txokoa eraikinean. Pisuen jabeek ezezkoa emanez gero ere, desjabetzea burutuko du Udalak, ordainketa Gordailu Kutxa Nagusian utziz.  

Udala pisu guztien jabe izateak eraisketarako ate bat zabaltzen badu ere, beste ate batzuk itxita jarraituko dute, epaitegietan zabalik dauden auziak ebatzi arte ezin izango dituelako etxebizitzak bota. 

Bi auzi ebazteko zain

Bi auzi daude epaileen mahai-gainean. Lehena desjabetzeagatik ordaindutako kopuruekin lotuta dago: tasatzaileak ezarritako balioekin ados ez (90.000-120.000 euro), eta Euskadiko Auzitegi Gorenera jo zuten zenbait auzokidek. Erabakiaren zain daude. 

Bigarren frontea Errekaleor Bizirik proiektuarekin dauka zabalik Udalak. Gazteen ekimenak huste proiektuarekin talka egiten duela-eta, okupatutako lehenengo atariaren kontra salaketa jarri zuen 21 Zabalguneak. Gaur egun, Auzitegi Gorenean dago prozesua, ez atzera ez aurrera, Errekaleor Bizirik proiektuko kideei ofiziozko prokuradore bat izendatzeko zain. 

Bitartean, Errekaleor Bizirik

Okupatutako gainontzeko atarien aurkako auzirik ez dago oraingoz. Horrez gain, gazteek auzoan jarraitu ahal izateko akordioa onartu zuen Gasteizko Udalbatzak 2014ko urrian. Erabakiaren arabera, beste hirigintza proiektu bat abiatu arte ez lituzkete Errekaleorretik botako. Gaur egun, bertan ortu ekologikoak sortzeko Errekaldea izeneko proiektua dauka Udalak, baina garatu gabeko asmoa da. Gauzak horrela, aste honetako desjabetzeek ez dute oraingoz auzoaren egoera aldatuko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide