Punk-rockaren ondarea aztertzeko lehen elkartea

Erredakzioa 2016ko mar. 14a, 12:12

Orbain kultur elkartea punk, rock eta orokorrean musika alternatiboaren azterketa, kontserbazio eta hedapena bultzatzeko eta Euskal Herrian mugimendu honek dituen baldintza historiko eta kulturalak aztertzeko jaio da.

Orbain kultur elkartea aurkeztu dute Gasteizen. Aurkezpena, Bruno Villarreal kaleko egoitzan egin dute, “duela hilabete batzuetatik gure ekintzak burutzen ari garen lekuan”, hain zuzen ere. Aurkezpen publikoa orain egin dute, baina egitasmoari uztailean ekin zioten. Ordutik antzerkiak, hitzaldi bat eta 15 bat kontzertu inguru antolatu dituzte.

 “Orbain kultur elkartea sortu dugun pertsonak, Gasteizen kulturari bultzada berri bat emateko antolatu gara; bultzada bat autogestiotik, bultzada bat behetik, bultzada herrikoia”, azaldu dute. “Teknikoki, punk, rock eta orokorrean musika alternatiboaren azterketa, kontserbazio eta hedapena bultzatzeko elkartu gara. Baina baita, Euskal Herrian mugimendu honek dituen baldintza historiko eta kulturalak aztertzeko ere”.

Ana Andino elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, "Eskorbuto, RIP edo La Polla Records-ek utzitako ondare kultural, politiko eta soziala aztertzera eta sakontzera gatoz". Horrez gain, Andinok azaldu du inork ez duela zalantzan jartzen adibidez Alfredo Donnay edo Sebastian Iradierrek egindako ekarpena, “baina mugimendu inkonformista honek egin duen eta egun egiten duen ekarpena Euskal Herrian orokorrean, eta Gasteizen zehazki, ahaztu egiten da, oharkabean pasatzen da”. Errekonozimendua nahi dute “bai Donnay edo Iradierrentzat baina baita Hertzainak edo Cicatrizentzat. Gasteiz ez litzateke gaur egun den bezalakoa izango Esto saldrá bien edo Lola bezalako himno edo ereserkirik gabe El barrio de San Martin bezain arabarrak eta ezagunak diren eta garai bat markatu duten himnoak”.

Oinarrian, “egizu zuk zeuk” filosofia

Orbain kultur elkartea “Do it yourself” filosofian oinarritzen da; “egizu zuk zeuk”, autogestioan eta autosufizientzian. Aipamen garrantzitsu bat ere egin dute: “ez dugu inolako diru-laguntzarik jaso eta gainera, ez zaigu interesatzen, ez ditugu eskatuko. Proiektu edo lan artistikoak desagerrarazteraino baldintzatzen duten eta helburu bakarra kontrola den gurpil toxiko horretan ez dugu parte hartu nahi. Antolaketa eta finantziazio eredu desberdin batean sinesten dugu eta horren aldeko apustu irmoa da gurea. Horrexegatik, sortu berria den Arabako Kultur Mahaian sektorialean ez dugu parte hartuko. Gure helburua egitea da. Nahi duguna egitea. Gustuko duguna egitea. Herritik eta herriarentzat egitea”.

80 pertsonak osatzen dute Orbain eta Bruno Villarreal kalekoa izango da egoitza eta burutuko dituzten ekimenen ardatza.

Ateak zabalik

2016ko agenda dagoeneko nahiko zehaztuta du elkarte honek. Hala, martxoan AR LA kolektiboaren erakusketa izango da egoitzan. Aurrerago, Mundina, Luz Roja kolektiboa, Ilargi Arana, Mikel Cthullu edota Juan Antonio Cortes Juanillo-ren lanak izango dira ikusgai, besteak beste. Eta horretaz gain, Orbainen kultura lantaldea osatzen dutenek beste proiektu interesgarri bat zehaztu dute: Lokal 0 proiektua, Gasteiz eta inguruko arte-iniziatiben alde apustu egingo duen proiektua, hain zuzen ere. 

Deia luzatu diete baldintza hauek betetzen dituzten taldeei, Orbainekin harremanetan jarri, data zehaztu eta kontzertuak “lotzeko”.

Orbain kultur elkarteak, kulturan, musikan eta artean interesa duen pertsona ororentzat ateak zabalduko ditu ostegun, ostiral eta larubatetan 19:00tatik 23:00tara, erakusketa eta ekimen ezberdinekin gozatzeko aukera izan dezaten.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide