Lurzoru hutsei erabilera emateko proiektua aurkeztu dute Gasteizen

Erredakzioa 2016ko mar. 11a, 13:27

Auzoa Ereiten egitasmoa aurkeztu du EH Bildu Gasteizek, auzoek erabakitako erabilera eman eta enplegu plan baten bitartez garatu ahal izateko.

 

 

Lakua Ereiten proiektuarekin abiatuko dute egitasmoa aurten, aurrekontu akordioaren bitartez, EH Bilduk azaldu duenez. “EH Bilduren proposamen honek parte hartze eta gizarteratze enplegua ikuspegiak uztartzen ditu”, azaldu du Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziak.

Egitasmoak hiru fase ditu koalizioak azaldu duen moduan. Lehenik, lurzoru hutsak identifikatu behar dira; bigarrenik, bizilagunak erabaki behar dute zer behar dituzten; hirugarrenik, ekipamenduak gizarteratzeko enplegu planen bidez eraiki edo atonduko dira. 

Lehen fasea jada eginda dagoela azaldu dute, eta bigarren atala nola egin daitekeen proposatu du EH Bilduk, "teknika parte hartzaile berritzaileekin". Horretarako, Iratxe Lopez de Aberasturik hiru ardatz marraztu ditu.

Lehen ardatza norbanakoen parte hartzea ahalbidetzea da. “Ez dugu bilera bat deitu eta itxoitera mugatu nahi; martxan jarri nahi dugun prozesuan Udala izan behar da herritarrengana hurbiltzen dena, hauek jada bilduta dauden lekuetara, parke eta plazak. Horretarako parte hartze dinamizatzaileak egon daitezke eta norbanako bakoitzak bere ideiak proposatzeko erabili dezakeen panel batzuen bidez osatu”, azaldu du.

Bigarren ardatza Umeen Hiria izenekoa da; horretarako, umeen parte hartze teknikak abian jarri nahi dituzte. Umeak hainbat espazio publikoen erabiltzaile nagusiak badira ere, hirigintzak askotan bizkarra ematen diela gogoratu dute: “Hori aldatu nahi dugu haiek izateko diseinatzen dutenak. Umeen parte hartzerako hainbat dinamika daude, Italiatik datorren Città dei Bambini edo Euskal Herrian egindako hainbat esperientzia kasu". 

Azkenik, auzoko eragileekin "auzoa ehundu" nahi du proiektuak, prozesu honetan nagusien zentroak barneratuz eta aniztasun funtzionaleko zentroak ere parte bilakatuz. Auzoko eragileak auzoko diseinuan txertatu nahi dituzte. Bigarren fase hau dinamizatzeko, EH Bilduk hurrengo astean bideratuko ditu harremanak.

Parte hartze fasea amaituta, hirugarrena helduko da, erabakitako ekipamenduak, ortuak, basoak edo dena dela burutu behar dena. Eta fase horretan sartuko dira enplegu eta formazio planak, gizarteratze ikuspegi batetik garatuko direnak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide