"Gure irratietan parekidetasuna lortzeko tresnak bilatuko ditugu"

Naroa Cuesta eta Marta Ugarte 2016ko mar. 10a, 11:03

Jon Aranburu, Hala Bedi irratiko kidea

Euskal irratietako esperientziak trukatzeko asmoz, Arrosa Sareak topaketak antolatu ditu hilaren 19an, Gasteizen. Jon Aranburu Hala Bedi irratiko kideak azaldu ditu.

Euskara erreferentzia izanik, irrati komunitarioak, udal irratiak, eskualde mailakoak, irrati nazionalak eta askotariko hogeita bost irrati barnebiltzen ditu Arrosa sareak. Elkarlanari esker, hamaika egitasmo jarri dituzte abian azken urteotan, besteak beste, urtean behin antolatzen dituzten topaketak. Bosgarren aldia da egiten dituztela, eta lehengoz gerturatuko da aurten Arabara. Martxoaren 19an izango dira, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.

Noiz hasi zineten irratiak elkartzen?

Urtean zehar ikasitako horiek elkartrukatzen hasteko tartean-tartean biltzea erabaki genuen. Bosgarren aldia da biltzen garela halako jardunaldi batzuetan; Bergaran egin genuen lehenengoa, duela bost urte, eta aurten Gasteizera etortzea erabaki genuen, Hala Bedi irratiak anfitrioi lanak eginez.


Gogoeta egin eta esperientziak trukatzeko gunea dela aipatu duzue. Zer behar dute irratiek?

Behar horietako batzuk goizerako antolatutako tailerretan nahiko zehaztuta geratzen dira. Sormena da horietako bat; gu ez gara informazioari lotutako irratiak orohar, bestelako irratsaio mota batzuk egiten ditugu eta sormenak hor bide polita izan dezake. Bestetik, telefono eta tabletetarako aplikazio bat sortzeko tailerra izango dugu; agian irrati publiko batean beste norbaitek egiten ditu gauza hauek guztiak, baina gureak bezalako irratietan guk geuk ikasi behar dugu nola egiten diren eta guk geuk egin, hori baita irrati askoren filosofia, guk geuk egitekoarena. 

'Emakumeok, irratietara!' izeneko tailer bat ere antolatu duzue.

Garrantzitsua iruditzen zaigu gai hau. Emakume gutxi samar gerturatzen zaizkigu irratira eta proportzioan parekidetasunik ez da lortzen, zenbakian behintzat; %50eko zifra horietatik oso urrun egoten gara askotan eta urteak daramatzagu gaiarekin. Esango nuke bost jardunaldietan atera den gaia dela, eta oraingo honetan erabaki dugu gogoeta egiteaz eta diagnosia egiteaz aspertuta gaudela eta tresnak bilatu nahi ditugu, dekalogo bat jarri nahi dugu martxan, tresna hauek guztiak baliagarri izango direnak gerora gure irratietan parekidetasuna lortzeko bide. Horretarako, hasita gaude irratietako emakumeen sare bat sortzen. Beste alde batetik, irratian gaur egun egiten dugun lanaz ere arituko gara; alegia, irrati batek webgunean idazten du, bideoak egiten ditu, sare sozialetan idazten du... osotasunean ulertu behar dira gauzak eta, horri tiraka, transmediaren kontzeptuaz arituko gara. 

Irrati komunitarioen etorkizunaz arituko zarete. Zeintzuk izango dira erronka nagusiak? FM-ak badu etorkizunik ala gainbeheran da? 

Hori da guk galdetzen duguna. Irrati guztien inguruan gogoeta egin nahi dugu. FM-a bera zer da gaur egun? Non geratzen da streaminga-rekin? Orain FM-aren egoera oso kaotikoa da. Irrati komunitarioak legez ez gaude babestuta hemen, ez dago araudirik eta horrek behartzen gaitu azkenean oihanaren legean gerra egitera, zeinek potentzia gehiago eduki horrek emitituko duelako. Hori da gogoeta bat, FM-aren inguruan sortzen duguna. Baina, horretaz gain, komunikabide bezala aurrerabideak zeintzuk diren ikusi nahi dugu. Ziurrenik, bertan ere iritzi kontrajarriak izango ditugu eta horixe izango da geroko bazkariko eztabaida nagusietako bat. Asmoa eztabaidatzea izango da, ez dugu irtenbiderik topatuko ziur aski. Elkarrekin egun pasa egiteko aukera ere izango da; horregatik arra-tsaldeko partea zertxobait ludikoagoa-sortzaileagoa egiteko aukera izango da.

Gaztetxean jarraituko du jaiak, gauean.

Bi lagun izango ditugu gurekin. Petti bakarlari ezagun handiaren kontzertua batetik, eta Agustin Alkaht taldearekin, bestetik.

Zer egin behar dute bertan parte hartu nahi dutenek?
Topaketan parte hartu nahi dutenek arrosasarea.eus webgunean aurkituko dute informazio guztia. Izena ematearekin nahikoa izango da, martxoaren 14a baino lehen. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide