Zabalgana eta Salburua arteko trena, "bideraezina"

Itsaso Estarrona 2016ko mar. 2a, 15:30

Arabatran ibilbidea, EH Bilduk proposatuta

Mirandatik Altsasurainoko Arabatran izeneko tren soziala erabilpen gutxikoa litzatekeela dio Jaurlaritzaren txosten batek.

Miranda eta Altsasu arteko Arabatran tren soziala bideraezina dela ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzak egindako txosten batek. Ibilbide zabalago baten baitan Gasteizko Zabalgana eta Salburua auzoak erdialdetik igaroz lotuko lituzkeen proiektua "defizitarioa" eta "erabilpen gutxikoa" litzatekeela dio Lakuaren ikerketak, Ana Oregi Ingurumen sailburuak asteartean Eusko Legebiltzarrean jakinarazi zuenaren arabera. 

Tren eta tranbiaren arteko proiektu bat da Arabatran, EH Bilduk proposatutakoa. Araban, aldirietako tren baten eginkizuna beteko luke, hamazortzi herri lotuz (Manzanos, Argantzun, Langraitz, Dulantzi, Agurain, Albeniz...) eta bederatzi industriaguneri zerbitzua emanez, tartean Arasur, Armiñon, Subillabide eta Agurain eta Asparreneko industria eremuak. Gasteizen, metro arin baten modura funtzionatuko luke Arabatranek, Jundiz eta Arkaiate artean, hiriko hainbat auzotik pasaz: Zabalgana, Ariznabarra, Arantzabal, erdialdea, Santa Lucia eta Salburua, hain zuzen. 

Proposamen horren bideragarritasuna aztertzeko, akordio batera iritsi ziren Gorka Urtaranen gobernua eta EH Bildu koalizioa. Proiektuaren inguruko azterlan bat egiteko, 50.000 euro gorde zituzten aurtengo Gasteizko aurrekontuetan. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren mahai gainean zegoen egitasmoa Udaleko taldeek hala adostuta, Gasteizko garraioaren mapa berria egiterako orduan Lakuak Arabatran ere kontuan har zezan. Aste honetan ezagutarazi dituzte ikerketa horren emaitzak.

Sei milioiko defizita urtero

Alderdi ekonomikoetan antzeman dituzte eragozpen gehien: 42  euroko inbertsioa egin beharko lukete instituzioek hamabi geltokiko ibilbidea zehaztuz gero, eta 51 milioi eurokoa 19 geraleku ezarrita. Bagoiak hogei minuturo pasaz gero, 1,5 milioi euroko diru-sarrerak bilduko lituzkete gehienez bidaiarien txartelen bidez, eta ustiaketa gastuak zazpi milioi eurotan aurreikusi dituzte. Zenbaki horiek eskutan, defizita sei milioikoa izango litzateke urtero. 

Bestalde, erabilpen maila baxua litzatekeela ondorioztatu dute Eusko Jaurlaritzako teknikariek. Ibilbidearen inguruan bizi direnen %64ak uste du ez litzatekeela erabilgarria inkestaren arabera, eta eskaintza osoaren %10etik beherakoa litzateke erabilpen tasa.

Trena da Miranda-Gasteiz-Altsasu ardatzeko bidaiariek gutxien erabiltzen duten garraioa: %1,1ak baino ez du baliatzen txostenaren arabera, kotxea aukeratzen duen %80aren aldean. Gaur egungo 400 tren erabiltzaileen erdiak Miranda eta Gasteiz arteko bidea egiten du.

Txosten horren ondorioen aurrean, tranbia linea berriak eta BRT autobus azkarrak ezartzeko Jaurlaritzak egingo duen proposamenaren zain jarraituko du oraingoz Gasteizek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide