"Garai batean herri guztiak egiten zuen falaz, jauntxo eta apaizak izan ezik"

Beñat Garaio 2016ko ots. 18a, 17:00

Juan Vinagre idazlea eta a fala hiztuna da. Galizieraren ahaide den fala Extremadurako hizkera hitz egiten du; bere hizkerari etorkizun oparoa ikusten badio ere, ez hainbeste bere bailarari, Portugal eta Espainia arteko mugan. 

Juan Vinagre (Valverdi du Fresnu, Extremadura, 1957) fala edo a nosa fala/llingua hiztuna da, galizieraren ahaidea den Extremadurako hizkera bat. Hainbat liburu idatzi ditu gasteiztartu honek, "bere bizipenak norbaiti kontatu beharra sentitzen zuelako". Falak etorkizun oparoa duela uste du, baina ez hainbeste bere bailarari (Xalimako harana), Europako Batasunak bizitasuna kendu baitio Portugal eta Espainia arteko mugan dagoen bailarari. Oihaneder Euskararen Etxeak antolatzen duen Hitz Adina Mintzon hartu zuen parte, galizierari zegokion ekitaldian

Nolakoa izan zen zure haurtzaroa eta zein oroitzapen dituzu?

Pena nire liburuetako bat hemen ez izatea, hor dena baitaukat ondo baino hobeto kontatua. Zaila, nire ama 23 urterekin alargundu zen, eta garai horretan ez zegoenez diru-laguntzarik, bada guk geuk atera behar izan genuen bizimodua aurrera. Ez ginen eskolara apenas joan eta zortzi urterekin hasi nintzen lanean, larrean. Olibondoak eta lantzeko lurrak zeuden, besterik ez, nire bailaran.

Eta haurtzaroa Valverden eman zenuen?

Bai, berez Valverde bi herri dira: Valverdi eta Salvaleon. Salvaleon oso herri polita da, hesi zahar batez inguratua, baina komuneroen garaian, eta Felipe V.aren Portugalen konkista zela medio, Salvaleoneko jendeak ihes egin zuen eta herriko emakumeek arkaitzetan ezkutatuta dagoen Eljas herria fundatu zuten, gure hizkeran As Elhas. Sa Marti du Trebellu eta Valverdi du Fresnu dira haraneko beste herriak.

Zerk nabarmentzen du zuen harana Extremadurako beste txokoetatik?

Bada gure ohiturak, kulturak eta hizkuntzak. Hizkuntza edo hizkera edo dialektoa edo zuk nahi duzuna. A fala da hizkuntzen artean egindako nahasketa bat, galiziera, Leon iparraldean mintzo zena, garaiko gaztelania eta portugesaren artekoa. Nire bailaran hitz egiten da hizkera hau.

Etxean falaz egiten zenuten?

Bai, gure etxean beti egin izan da falaz, edo kanpokoek esaten ziguten moduan, chapurreau. Gure garaian herri guztiak egiten zuen falaz, herriko jauntxoek, apaizek, guardiek eta gobernuko ordezkariek izan ezik. Horiek, normalean jatorriz bailaratik kanpokoak izateaz gain, beste klase batekoak zirenez, gaztelaniaz egiten zuten beti.

Zer jarrera zuten herri xehearen hizkerarekiko?

Gure hizkera zokoratu egiten zuten, gure inguruan zeudenean ez ziguten hitz egiten uzten, eta beraiek hitz egiten ez zekitenez, bigarren mailako hizkeratzat zeukaten. Hala ere, orain a nossa fala  inoiz baino indartsuago dago eta egoera ezberdina da, Elizan hitz egiten da, eskolan ere irakasten da, Extremadurako telebistan noizean behin agertzen da,...

Zure bailarako hiru herrietan ere ezberdin hitz egiten da, ezta?

Bai, denak ulertzen diogu elkarri, baina gure artean beti daude hitz eta ahoskera ezberdinak, Sa Marti de Trebelluko hizkera oso bitxia da, As Elhas-ekoa ere beste horrenbeste,... Dena den, hizkera toki berdinetik omen dator, Galizian dagoen Xalima ibarretik, alegia.

Bizimodua herrian zein hizkuntzatan egiten da?

A falan, zalantzarik gabe. Zeren gu ere kataluniarrak bezalakoak gara, gaztelaniaz egiten badiguzue guk falaz egingo dugu beti. Gogoan dut jostunarengana joan eta esaten geniola faime um pantalon pa estu eta zapatariarekin berdin. Orduan falan gehien egiten zutenak nekazariak eta artzainak izaten ziren, eta ematen zuen fala hiztunek ez genekiela ezta gaztelaniaz behar bezala hitz egiten ere, baina a zer nolako gezurra! Guk fala, gaztelania eta portugesa ere hitz egiten genituen, nahiz eta hau idazten jakin ez.

Nolako harremana zenuten beste aldearekin, Portugalen?

Gure bailaran dagoen mendatea gaindituta Portugal dago, eta berehala hainbat herrixka daude. Eta garai horretan nekazaritzak ez zuenez diru handirik ematen, kontrabandoan aritzen ginen portugaldarrekin eta Frantziaraino eramaten genituen gauzak. Harreman handia genuen bai portugaldarrekin, eta baita kilometro gutxira dagoen Navafriasekin (Salamanca, han ere hizkera ezberdina dute). Nire unibertsitatea kulturen arteko bidegurutze hau izan da.

Navafriasen nola hitz egiten da?

Beraiek gaztelaniaz hitz egiten dutela esaten dute, baina oso hizkera arraroa dute. Nire liburu batean elkarrizketa hauxe daukat gordea:

-De donde vienis?

-Del huertu, de sembrar pimientus

Orduan kontrabandoan aritzen zinen zu?

Bai, dirua lortu beharra zegoen eta Portugaleko mineralak hartu eta gero beste aldean saltzen genuen. Guardiak beti egoten ziren hor zelatan, baina beti atzetik erasotzen gintuzten, 200 zaldi inguru baikinen eta aurrez aurre egongo balira zapaldu egingo genituelako. Portugalekoek ere ez zuten bizimodu ederra, Lisboan soldaduska egin ondoren kolonietako gerretara bidaltzen zituztelako. Baina gero eta arriskutsuagoa bilakatzen ari zen, jazarriak ginen etengabe guardiengatik eta Euskal Herrira etorri nintzen, Sidenorren lan egitera Donostian, eta gero Gasteizen.

Hemen ezagutu zenuen zure andrea, Carmen?

Ez, Donostian, La Perlako dantza emanaldi batean. [emaztea sartu da elkarrizketan]

Ni Granadan nengoen lanean, baina hor miseria zegoen asko. Nire ama katedratiko baten zerbitzaria zen eta diktaduran jazarriak izan ziren. Ondorioz, hainbat urtetan egon ziren ihesean atzerrian eta nire amaren laguntza leiala izan zuten. Donostiara heldu ziren jauntxoak, hor gelditzeko asmoz eta nire amari esan zioten ea gelditu nahi al zuen beraiekin. Amak ni bidali ninduen, bere ordez, eta bakardadean egon ostean nire senarra ezagutu nuen. Honek soldaduska egin aurretik erosi zuen etxea Urnietan eta han osatu genuen familia, greba eta mugimendu askoko urteetan.

Zure seme-alabei falaz hitz egiten al diezu?

Ez, saiatzen naiz batzuetan, baina nitaz barre egiten dute. "Zer ari zara esaten" galdetzen didate, baina ez naute serio hartzen. Gainera, batzuk etxean euskaraz egiten dute eta dagoeneko euskaldun antzekoak dira, ez Extremadurakoak.

Herrian, baina, zure seme-alabek falaz egingo dute, ezta?

Ez, ulertzen dute, baina han ere Euskal Herrian bezala, norbaitek ez badaki gaztelaniara pasatzen dira, beraz, ez dute ikasi. Baina nire bilobak saiatzen dira, esanez "nire aitonak bezala hitz egin nahi dutela" eta biloba txikietako bat hor egoten da beti herrian entzuten duena eta aitonak esaten duena kaiera batean idazten.

Eskolara joan ez bazinen, nola ikasi zenuen idazten eta falaz ondo hitz egiten?

Filomenurekin ikasi nituen lehenengo gauzak eta hitzak idazten. Garai horretan eskola derrigorrezkoa zen urte batzuk arte, eta egunean ordu bete joaten ginen, gauean. Ahuntzekin egun lasaia izaten banuen, eskolako lanak egin eta gero irakasleak zuzentzen zizkidan, eta bestela bada bi orduak gelditzen nintzen edukiak hobeto barneratzeko. Dena den, garai horretan lau gauza ikasi bezain pronto eskolatik botatzen zintuzten, irakasleek irakasteko gogoa izan arren erregimenari komeni baizitzaion gu eskola urrikoak izatea, gu lan-esku soila izan gintezen. Irakasleek esaten ziguten “Barkatu, ez digute zuei gehiago erakusten uzten”.

[Carmenek gaineratu du] Garai horretako diru-laguntzak, gainera, goi-mailako jauntxoen seme-alabentzako ziren, beraz, alde hori gehiago areagotzen zen

Falaz egin al duzu inoiz zure haranetik urrun?

Bai, batzuetan egin izan dut. Donostian batzuk daude, Arrasaten ere badaude mordoxka, Gasteizen ere batzuetan egin izan dut a nosa lenguan. Beraiekin topatzen naizenean beti gure hizkeran egiten dugu.  Adibidez, Arrasate erdia gure bailarakoa da, nahiz eta asko zahartu diren eta beste batzuk hil.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide