Krean campus bat martxan jartzeko proiektua, kolokan

Itsaso Estarrona 2016ko ots. 3a, 13:47

Unibertsitate proiektua abiatzea posible egin zuen ituna indargabetu du epaileak EH Bilduren helegitea aintzat hartuta

Ez aurrera ez atzera jarraitzen du Krea eraikinaren etorkizunak. Nazioarteko campus bat ezartzeko proiektua aurkeztu eta egun gutxira, epailearen ebazpena ezagutu da: unibertsitate egitasmoa ahalbidetu zuen kontratu aldaketa ez dator jatorrizko asmoekin bat.

Duela hamar urte hasi zen Krearen afera. Betoñuko Karmeldarren komentu zaharra Gasteizko Udalarena zen garai hartan. Hitzarmen baten bidez, Vital Kutxaren Gizarte Ekintzari utzi zion hiriak 30 urterako, bere helburuekin bat zetorren erabilera eman ziezaion. Krea proiektua aurkeztu zuen Vitalek orduan, adierazpen garaikidea sustatzeko zentro bat sortzeko asmoz. 

Laster hasi ziren eraikuntza eta biziberritze lanak. Guztira, 18 milioi euro gastatu zituen Vitalek bere Gizarte Ekintzatik, alegia, helburu sozialetara bideratu behar duen diru-kopurutik. Eraikina, ordea, ez zen inoiz ireki. "Aurrekontu falta" argudiatuta, Vitalek bertan behera utzi zuen sorkuntza garaikiderako proiektua. 

Itxita, mantentze-gastu ugari eragiten zizkiolako kexu zen Vital, eta eraikina beste eragile bati alokatu edo saltzeko aukera eskatu zion Udalari. 

Udal kontroletik kanpo

2014an egin zuen kontratuan aldaketa Javier Maroto alkate ohiak (PP), bere alderdikide eta Vital Kutxako presidente Fernando Arangizek eskatuta. Aldaketa horrek ateak ireki zizkion nazioarteko campus bat ezartzeko proposamenari, baina eraikina Gasteizko Udalaren eskuetara itzultzeko aukera eragotzi zuen. Horren aurrean, helegitea aurkeztu zuen EH Bilduk, interes publikoa arriskuan zegoela argudiatuta. Arrazoia eman dio orain epaileak.

Aste honetan atera da argitara Administrazioarekiko Auzietako Gasteizko bigarren epaitegiaren sententzia. Ebazpenaren arabera, Marotok hartutako erabakiak "nabarmen aldatu du jatorrizko itunaren espiritua". Ildo berean,  ohartarazi du Udalak ezin izango duela kontrolatu eraikina zertarako erabiliko den. 

Epaiaren aurka helegitea aurkeztu dezake orain Udalak, eta hala egingo duela jakinarazi du Alvaro Iturritxa Ingurumen eta Hirigintza koordinatzaile nagusiak, campusaren egitasmoa geldiarazi ez dadin. Aldiz, EH Bilduk eskatu dio helegiterik ez aurkezteko, "Gasteizko Udalak eraikina berreskuratzeko aukera izan dezan, baita zer erabilera eman erabakitzeko gaitasuna ere".

Erabilerari dagokionez, Arabako Kulturaren Mahaia osatzen duten 200etik gora sortzailek eta eragilek "Krearen etorkizuna modu parte hartzailean" erabakitzea eskatu dute behin baino gehiagotan, kulturgileek dituzten "beharrei erantzuteko". 

Hiru unibertsitate titulu

Pasa den astean aurkeztu zuten azkenekoz INTL Campus egitasmoa sustatzaileek, horien artean Patxi Ormazabal Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu ohiak.  Irailetik aurrera, diseinu, negozio eta teknologia graduak eta graduondokoak eskaini nahi dituzte, eta horretarako ehun ikasle erakarri nahi dituzte. Atzerriko zenbait unibertsitaterekin akordioa egin dute, besteak beste Erresuma Batuko Central Saint Martin eta London College of Communication zentroak. Txirrindularitza programa abiatu nahi dute ere, Euskaltel taldeko zuzendari ohia Igor Gonzalez Galdeanok gidatuta. Orain, epailearen esku dago Krearen korapiloa.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide