Nola saihestu ardoaren "bafadak" eragindako arriskuak?

Erredakzioa 2023ko urr. 10a, 16:30
"Bafada" mahatsen hartzidura alkoholikoan sortutako karbono dioxidoa da. Argazkia: CCV

Azken hiru urteetan lau pertsona hil dira Arabako Errioxako upategietan ardoaren karbono dioxido isuriek itota. EH Bilduk arriskuak saihesteko prebentzio, finantzazio, prestakuntza eta zigor proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean.

Ardoaren "bafada" edo "tufoa" ez da arazo berria, ez Araban ez mundu osoko ardogintzaren sektorean. Hala ere, urriaren 1ean Lantziegoko upategi batean gertatutako bi heriotzek alarma piztu eta gaia mahai gainean jarri dute berriz ere. 2020tik dagoeneko lau pertsona hil dira Arabako Errioxako upategietan, mahatsen hartziduran sortutako karbono dioxido isuriek eragindako hiru lan istripu hilgarritan.

Albistea ezagutu zenetik, neurriak ezartzeko premiaz ohartarazi dute sindikatuek. Eta aste honetan, legez besteko proposamen bat aurkeztu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean —aurrerago, Arabako Batzar Nagusietan defendatuko du ere—, "upategietan, sagardotegietan eta garagardotegietan hartzidurak sortutako karbono dioxidoaren isuriek eragindako istripuak saihesteko asmoz".

Itxaso Etxebarria legebiltzarkideak eta Eva Lopez de Arroyabe Batzar Nagusietako bozeramaileak aurkeztutako ekimenak Eusko Jaurlaritzaren, Osalanen, aldundien, upategien eta sindikatuen artean adostutako prebentzio protokolo bat diseinatzea du helburu. "Uste dugu badela garaia neurriak hartzeko, horrelakoak berriz gertatuko ez direla bermatzeko", aldarrikatu dute.

Koalizio subiranistaren ustez, prebentzio protokolo horrek zehaztuko luke "zer nolako baliabideak eta tresnak behar diren" upategietan karbono dioxidoaren arriskua murrizteko. Etxebarriak azaldu duenez, Jaurlaritzak 2022an argitaratutako txosten batek ohartarazi zuen "upategi gutxik dauzkatela euren instalazioak behar bezala aireztatzeko sistema eraginkorrak edota karbono dioxidoa detektatzeko neurgailuak".

Itxaso Etxebarria eta Eva Lopez de Arroyabe. Argazkia: @EHBildu_Legebil

 

"Upategi txiki askok ezin dute"

"Hobekuntza eta egokitzapen horiek egitea ez da merkea, eta upategi txiki eta familiar askok ezin dute esfortzu ekonomiko hori egin", deitoratu du EH Bilduk. Horregatik, egokitzapenak egiteko beharrezkoa den finantzazioa errazteko diru-laguntzen lerro bat ireki dezala eskatu diote Jaurlaritzari.

"Ez dakite ondo nola jokatu"

Jaurlaritzaren txostenak agerian utzitako beste ondorio bat da upategietako langileen artean prestakuntza defizita dagoela: "Ez dago informazio nahikorik, eta ez dakite ondo nola jokatu intoxikazio kasuetan", ohartarazi du EH Bilduk. Horren aurrean, Osalanek koordinatutako prestakuntza saioak martxan jartzea proposatu dute, "prebentzio protokoloak ezagutzera emateko eta arriskuak saihesteko behar diren neurriez kontzientziatzeko".

Kontrola eta zigorrak

Azkenik, EH Bilduk eskatu du Lan Ikuskaritza "horren guztiaren gainean" egon dadila, "tresna eta baliabide horien erabilera berma dezala, eta, beharrezkoa balitz, arau-hausteak zigortu ditzala".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide