Bastida Trail mendi lasterketaren lehen edizioa uztailaren 3an izango da

Erredakzioa 2021ko eka. 16a, 09:00
Vital Fundazioa da lasterketaren babesle nagusia. / VITAL FUNDAZIOA

Bastida Trail mendi lasterketa solidarioa Bastidan hasi eta amaituko da, 25 kilometroko ibilbidea izango du eta helduentzako zein txikientzako bi modalitate izango ditu. Berakah programarako eskola materiala bilduko da.

Uztailaren 3an izango da Bastida Vital Trail mendi lasterketaren lehen edizioa, Vital Fundazioaren babesletzarekin. Ekimen solidario gisa jaio da; izan ere, dortsalak biltzen diren unean, parte-hartzaileek eskola materiala eramango dute. Material hori (pinturak, boligrafoak, koadernoak eta abar) gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonen alde lan egiten duen Berakah programari emango zaio.

Helduentzako modalitatea 8:30ean Bastidatik abiatuko da lasterketa, eta Toloño mendilerroaren hegoaldeko isurialdetik igaroko da. Toloño mendiaren gailurrera iritsi bitartean, estrategikoki kokatutako hainbat kultura-puntu zeharkatuko dira. Ibilbideak 25 kilometro inguruko luzera eta 1.200 metroko desnibel metatua du. Lehiakide bakoitzak domina bat jasoko du, eta irabazleak bere pisua ardotan.

Horrez gain, Bastida Vital Trail Txiki ere egingo da, 4 eta 14 urte bitarteko haurrentzat. Lasterketa txikia ere Bastidan hasi eta bertara iritsiko da, baina ibilbide laburragoa izango du, helburua haurrek egun berezia partekatzea baita. "Adinekoak erreferentzia hartuta eta konpromisoari, ahaleginari eta talde lanari balioa emanda, kirola egiteko funtsezko elementu baitira", azaldu dute antolatzaileek.

350 lasterkari

Gisa honetako ekitaldi guztietan bezala, Covid-19ari buruzko araudia zorrotz bermatuko da, eta gehienez 300 eta 350 parte-hartzaile artean aurreikusi ditu antolakuntzak. Irteera lauko taldetan egingo da, eta ibilbidean zehar hiru hornidura-puntu izango dira, baita kontrolak eta osasun laguntza ere.

Helburu solidarioa

Axier Urresti Vital Fundazioko zuzendari exekutiboak "proba eta bere helburu solidarioa" nabarmendu ditu. "Goi-mailako kirolaren berezko balioak dira, eta inguruan dugun gizartea hobetzen saiatzen direnak batu eta indartzeko asmoz sortu dira". Izan ere, probaren oinarria "kirola, elkartasuna eta ingurumenarekiko errespetua" direla azpimarratu du Urrestik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide