Bastidan animaliak uxatzeko gas kanoiak erabiltzen ari direla salatu du GADENek

Erredakzioa 2021ko eka. 15a, 12:28
Gas kanoia fauna uxatzeko erabili ohi da hainbat udalerritan. H.D.

Faunak laboreei kalterik ez egiteko hiru minuturo eta eguneko 24 orduetan 150 dezibeletik gorako zarata ateratzen duten lau kanoi instalatu zituzten finka batzuetan.

Arabako Animalien Defentsa eta Ikerketarako taldeak (GADEN) norbanako batek egindako salaketari esker jakin izan du faunak laboreei kalterik ez egiteko lau gas kanoi kokatu dituztela Bastidako lursail batean. Kanoi horiek  hirigunetik eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremutik (HBBE) gertu daude. Aldundiak eta udalek ez dute baimenik ematen eta ez dute  horrelako lehergailuen instalazioa kontrolatzen.

GADENek azaldu duenez, jabe batzuek mota horretako kanoiak instalatzen dituzte,  txoriak edo beste animalia batzuk uxatzeko eta, horrela, laboreak eta fruituak kaltetu ez ditzaten. Gas kanoi horiek eragindako leherketak minuturo edo segunduro gertatzen dira, batzuetan eguneko hogeita lau orduetan. Bastida inguruan hainbat aparatu daudenez, leherketen segida 10 edo 15 segundoan behin gertatzen da, eta 150 dezibeletik gorako zarata ateratzen dute.

GADEN Aldundiarekin harremanetan jarri da, jakiteko nork eta zein baldintzatan instalatu dituen kanoiak, baina Ehiza eta Arrantza Sailak eta Ingurumen Sailak erantzun dute bietako inork ez dituela elementu horiek ezagutzen eta ez dituztela baimentzen.  GADEN taldeari salaketa egin zion norbanakoak Bastidako Udalaren jarduketa ere eskatu du, baina ez du emaitzarik lortu.

Talde ekologistak azaldu duenez, leherketa horiek oso kutsagarriak dira eta eremuaren oreka ekologikoa aldatzen dute; gainera, inguruetan bizi direnen ongizatea eta atsedena e
re eragozten dute.

Debekatzeko eskaera

Elementu horien helburua basafaunako espezieak (orkatzak, basurdeak, untxiak edo hegaztiak) nahita nahastea denez, GADENek salatu du artefaktu horiek egungo baldintzetan jartzeak argi eta garbi urratzen duela ingurumen-legeria, eta debekatu egin beharko litzatekeela, harik eta horien erabilera arautu arte.

GADENek eskatu du Arabako Foru Aldundiak premiaz arautu eta mugatu dezala elementu horien erabilera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide