Herritarren parte hartzea lehenetsiko du Arabako Errioxako Lurralde Plan berriak

Erredakzioa 2020ko aza. 9a, 16:54
Arabako Errioxako hainbat udalerrietarako antolamendu integrala ezarriko du planak. / AFA

Arabako Errioxako Lurralde Plan Partzial berria osatzeko metodologiak erdigunean jarri nahi ditu udalen, administrazio batzarren, gizarte zein ekonomia eragileen eta herritarren ekarpenak.

Mañueta, Kripan, Eltziego, Elvillar, Bastida, Guardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Moreda Araba, Navaridas, Oion, Samaniego, Villabuena eta Iekora udalerrietarako eremu funtzional osorako antolamendu integrala ezarriko du Arabako Errioxako Lurralde Plan Partzialak. Aldundiak plan berria prestatzeko lanari ekin dio dagoeneko.

Planaren helburu nagusien artean eskualdeko hirigintza plan orokorrak osatzea da, eta horiek bete beharko dituzten baldintzak zehazteko, herritarren parte hartzeari lehentasuna eman nahi dio Aldundiak. Izan ere, tartean diren eragile guztien ikuspegi bateratu bat nahi dute, "gizarte akordio zabalago bat" lortzeko.

"Biztanleek, eremu guztietatik, beren beharrizanez eta arazoez zuzeneko informazioa eman diezagutela nahi dugu, eta bizi diren tokiko garapen jasangarrirako alternatibei buruzko proposamenak jaso", azaldu du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak.

Horretarako, plan berria idaztean giltzarria izango diren eragile publiko zein pribatuak identifikatuz hasiko da prozesua. Ondoren, eragile horiekin guztiekin sakoneko elkarrizketak egiteko asmoa du Aldundiak, baita lan bilerak, talde tematikoak, lantegiak eta jardunaldi irekiak ere.

Aldundiak martxan jarri du ptpriojaalavesa.eus webgunea, parte hartzea errazteko. / AFA

 

Webgune berria

Dinamiken, erakusketen zein ikus-entzunezko elementuen bidez, abiatutako prozesua herritarrengana hurbildu nahi dute. Gainera, informazio guztia eta parte hartzeko sarbideak web orri batean jaso dituzte dagoeneko: ptpriojaalavesa.eus.

Prozesu berritzaile horretan, eskualdeko udal ordezkariek parte hartzea lortu nahi dute, eragindako administrazio guztietatik informazioa bildu, arloz arloko lan taldeak eratu, eta, oro har, herritar guztiak inplikatu. Helburu horrekin, parte hartze taldeak aktibatuko dira, askotariko gaiei buruz ekarpenak egin ditzaten, hala nola monumentu multzoak, ongizatea eta osasuna, mahastiak eta turismoa edo lurraldearen osasun ekologia, besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide