Gure bazterrak

Mantible zubia, jausitako erraldoia

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko abu. 26a, 08:30
Mantible zubia, Lantziegon. PHOT.OK

Iberiar penintsulako handienetako bat izan zen gaur egun erortzeko zorian dagoen Mantible edo Asako zubia.

Eraikinak izan zuen garrantziaren tamaina erakusten dute neurri handiek: Ebro ibaiaren bi aldeak batzen zituen, eta horretarako 164 metroko luzera, bost metroko zabalera, hogeita hamar metroko garaiera eta erdi-puntuko zazpi arku zituen. Gaur, ordea, bi arku eta gainerakoen zutabe zatiak baino ez dira geratzen. Mahastiez inguratuta dago zubi handi ohia, paraje bakarti batean.

Historialari batzuen arabera, II. mendearen lehen erdian eraiki zuten zubia, Erromatar Inperioaren garaian. Beste batzuen ustez, ordea, zubia Erromanikoa da, eta XI. mendean eraiki zuten, Nafarroako Gareskoarekin batera. Biak orduko Nafarroako Erresumako bi hiririk garrantzitsuenak –Naiara eta Iruñea– lotzeko eraiki omen zituzten. Arabako Errioxan aditua den Miguel Larreina idazleak jaso duenez, Asako zubia operatibo egon zen XI. mendetik XII. mendearen hasierara arte, Ebroren funtsezko pasagune gisa Iruñeko erreinuan; baina, XII. mendean, Logroñon beste zubi bat eraikitzea agindu zuten, eta Asakoaren gainbehera etorri zen. 

XV. mendean ingurunearen hondamendia heldu zen. Asako gaztelua abandonatu eta herria biztanle gabe geratu zen; Guardiakoa eta momentu batzuetan Lapuebla de Labarcakoa izan ostean, XIX. mende erdian Lantziegorena izatera pasatu ziren Asa eta zubiaren hondarrak.

Ebro ibaiak gordeta duen eraikin ederra deskubritzeko, ondotik igarotzen den GR-38 Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea jarraitu daiteke, oinez. Oiondik Lasernara doan bidexka hartu behar da, eta, behin herri txikian, ibaira jaisten den norabidea hartu behar da, zubia ikusi arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide