Kartelak, liburuxkak eta bideoak bafadaren kontra

Erredakzioa 2024ko api. 15a, 16:29
Arrisku gehien alkohola beratzen den eremu itxietan izan ohi da. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Upategietan karbono dioxidoak eragindako intoxikazio hilgarriak prebenitzeko kanpaina hasi du Osalanek.

EAEn alkoholdun edariak ekoizten dituzten zentroei bideratutako informazio kanpaina abiatu du Osalanek. Horren bitartez, bafada edo tufo izenez ezagutu ohi diren karbono dioxido bidezko intoxikazioek eragindako istripuei aurre egin nahi diete.

Jaurlaritzaren hitzetan, kanpainaren helburua da upategietako "depositu eta barne esparruetan tufoa egoteak eragindako asfixia istripu larriak eta hilgarriak prebenitzea". Euskadipreben 2019-2025 Estrategia izenekoaren barruan kokatu dute ekimena. 

EAEko hiru lurraldeetako upategi, sagardotegi, garagardotegi eta txakolin ekoizle guztiei bideratu diete informazioa. 560 bat zentrori, orotara.

Kartelak, liburuxkak eta bideoak erabili dituzte. Kanpainaren material nagusienak euskaraz eta gazteleraz egon arren, langileei bideratutako informazioa hainbat hizkuntzatan jarri dute: euskara, gaztelania, portugesa, frantsesa, errumaniera, arabiera, eta ingelesez.

Intoxikazio horien abiapuntua ezagutarazteaz gain, "balizko biktimak erreskatatzeko eta artatzeko prebentzio neurriak eta oinarrizko nozioak" aurkeztu dituzte material horietan. 

Iazko urrian jazo zen azken istripu hilgarria Araban. Orduan, Lantziegon bi langile hil ziren, eta hirugarren bat zaurituta eraman behar izan zuten. Une horretan, hainbat sindikatu eta eragilek halako istripuak saihesteko neurri zehatzak galdegin zituzten; besteak beste, protokolo eta ikuskaritza zorrotzagoak ezartzea, edota diru laguntzak ematea aireztatzeko sistemak hobetzeko, eroritako langileak erreskatatze aldera arnas sistema autonomoak erosteko zein karbono dioxidoa detektatzeko gailuak ezartzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide