Iruña-Veleia "hondeamakinekin ez suntsitzea" eskatu dute

Erredakzioa 2024ko urt. 29a, 18:30
Iruña-Veleia Martxan plataformaren manifestazioa, igandean. Argazkia: I.V.M.

Dozenaka lagun bildu dira igande honetan Gasteizen, Iruña-Veleia "argitzea" eta grafitoak datatzea aldarrikatzeko. "Irulegi, Iruña-Veleia bezala, euskalduntze berantiarrerako izugarrizko zaplaztekoa izan da. Horregatik etorri dira horren aurka", adierazi dute.

Iruña-Veleia Martxan plataformak deituta, dozenaka pertsona elkartu dira Gasteizen igande honetan, urtarrilaren 28an, "Iruña-Veleia argitzeko eta hondeamakinekin ez suntsitzea" eskatzeko. Manifestazioa Probintzia plazatik abiatu da, eta, Bibat Museora heldu ostean, Andre Maria Zuriaren plazan amaitu da.

"Hona etorri gara ozen esateko Euskal Herriak bere ondarea maite duela eta ez dugula utziko suntsitzen, kultura kolonial zeltiberikoak jarraitzen duelako hemengo administrazioetan agintzen, dela Arabako Aldundian, dela Eusko Jaurlaritzan", adierazi dute ekitaldian. "Euskalduntze berantiarrari eutsi nahi diote, bai ala bai, baina Iruña-Veleiako grafitoek frogatzen digute, toponimian jadanik frogatzen diguten bezala, euskara dela hemengo betiko hizkuntza. Zeltiberistek ezin dute hori onartu, eta prest daude Iruña-Veleia hondeamakinekin suntsitzeko".

"Orain arte, gainera, 200.000 euroko aurrekontua zuten bertsio ofizialari eusteko, baina hemendik aurrera miloi bat izango dute urtero", kritikatu dute. "Beraz, arriskua boskoiztu zaigu. Iruña-Veleian harresi multzo bat baino ez dute erakutsi nahi, eta bere balio kultural eta linguistiko osoa errotik ezabatu".

Halaber, manifestazioaren amaieran, "Eliseo Gilek 2007an, orain dela 16 urte, eskatu zituen 50 grafitoak datatu gabe jarraitzen dutela" gogora ekarri dute. "Zergatik? Argi baino argiagoa dago. Eurek grafitoak faltsuak direla sinistuko balute, haiek bidaliko lituzkete ez 50 grafito, 100 bat baizik datatzera, haiek proposatzen duten faltsukeria frogatzeko. Baina Eliseori datazio horiek egitea debekatzeak dena esaten digu. Ez diote datatzen uzten haien gezurrak jausiko zitzaizkielako", esan dute.

Irulegiko Eskua hizpide

"Erasoa ez da soilik Iruña-Veleiaren aurka, erasoa gure kulturaren eta euskararen beste alor askotara heltzen ari da, azkena Irulegiko Eskua", ohartarazi dute. "Testuan Sorioneku jartzen du, eta EHUko Letren Fakultateko irakasle asko ausartu dira esatera ez dela euskara, ez duela zerikusirik euskararekin harremana eduki lezakeen beste inolako hizkuntzarekin. Eta badakizue zergatik? Irulegi, Iruña-Veleia bezala, euskalduntze berantiarrerako izugarrizko zaplaztekoa izan delako. Horregatik etorri dira, oraingoan, Irulegiren aurka".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide