Alemaniara pakete batean bidalitako granada bat atzeman dute Gasteizen

Erredakzioa 2024ko urt. 23a, 12:00
Atzemandako granada eta Correoseko zentro logistikoa. Argazkia: tribunabenemerita.es / G.M.

Guardia Zibilak Arnedotik Alemaniara zihoan indargabetutako esku-granada bat atzeman zuen azaroan Jundizko industrialdean, Correosen gune logistikoan. Fabrikazio errusiarreko arma da, eta Ukrainako gerran erabili ohi da.

Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioak eta Guardia Zibilaren inguruko blog batek aste honetan argitara atera dutenez, pakete batek alarma guztiak piztu zituen 2023ko azaroan Gasteizko Correosen zentro logistikoan, Jundizeko industrialdean. Atzemandako fardela Arnedotik (Errioxa) Koloniara (Alemania) bidali zuten, arropa bidalketa bat izango balitz bezala.

Baina pakete susmagarriak 9N235 modeloko esku-granada bat zeraman barruan, eta ez zuen eskanerren kontrola gainditu. Bi kilo inguruko lehergailua da, errusiar fabrikaziokoa eta oso ohikoa Ukrainako gerran; blindajerik gabeko pertsonei zein ibilgailuei eraso egiteko diseinatuta dago. Bidaltzaileak iazko apirilean Itsaso Beltzean hondoratutako Errusiako armadaren Moskva itsasontziari erreferentzia egiten zion testu bat eta irudi bat erantsi zituen paketean. Gainera, granadak YKPAYHA (Ukraina) zioen inskripzio bat eta bihotz baten forma zituen margotuta.

Correoseko segurtasun pribatuko arduradunek aurkitutako objektuaren berri eman zioten Guardia Zibilaren Lehergailuak Indargabetzeko Talde Bereziari (GEDEX). Baieztatu ahal izan zutenez, atzemandako granada bere karga lehergarri gehienaz gabetua zegoen, baina, hala ere, "gerrako armatzat" har daiteke. Beraz, salaketa jaso eta identifikatua izanez gero, bidalketaren erantzuleak 601 eta 30.000 euro arteko isunari aurre egin beharko dio.

Hori bai, oraingoz, ez Guardia Zibilak ez Espainiako Gobernuak ez dute bidalketa egin zuen pertsonaren identitatearen berri eman, ezta atxiloketarik edo salaketarik baieztatu ere.

Antzeko pakete bat bidali nahi baduzu...

Zabaldutako oharrean, Espainiako Barne Ministerioak herritarrei eskatu die "material hori edukitzearen edo bidaltzearen legezkotasunari buruzko zalantzarik izanez gero, aldez aurretik hurbilen duten Armen eta Lehergailuen Interbentziorako unitatearekin harremanetan jar daitezela. Izan ere, "arriskutsuak izan daitezkeen egoerak saihesteko eta indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzeko behar den informazio guztia" jasoko dute bertan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Arabako Guardia Zibilaren Komunikazio Bulego Periferikora deitzeko aukera ere badago, 627 665 032 telefono zenbakian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide