AHTaren aurrean "alternatiba" aldarrikatu dute eragindako herriek

Erredakzioa 2024ko urt. 22a, 09:45

Datozen hilabeteetara begira deitutako jardunaldien eta mobilizazioen atarian, AHTaren aurkako plataformek elkarretaratzeak egin dituzte Agurainen eta Manzanosen, bai eta Nafarroa zein Gipuzkoako beste hainbat herritan ere.

Egungo trenbideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritutako alternatiba Garraio Ministerioak AHTa ezartzeko proposatutakoa baino "2.000 milioi euro merkeagoa" litzateke. Duela urte eta erdi proiektu alternatiboa idatzi zuten hiru bide-ingeniarik, AHTaren obrek eragindako herri eta kontzejuen eskaerak jasota. Azken hilabeteetan horren gizarteratzean aritu dira tren sozialaren aldeko plataformak.

Orain, Araba Trenaren Alde, Nafarroa Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek manifestazioa deitu dute apirilaren 20rako, Altsasun, AHTaren aurrean alternatiba lelopean. Bertan, "abiadura handiko trenek soilik erabiltzeko trenbide azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea" eskatuko dute, bai eta "gaur egungo tren azpiegiturak berritzea eta trenen maiztasuna handitzea" ere. Trena "benetako garraiobide" bihurtu nahi dute.

Altsasuko manifestazioa izango da herri plataformek datozen hilabeteetarako planteatutako dinamikaren ekintza nagusia, baina joan den ostiralean, urtarrilaren 19an, elkarretaratzeak egin dituzte Araban (Agurain eta Manzanos), Nafarroan (Altsasu, Izurdiaga eta Otxobi) eta Gipuzkoan (Beasain) AHTaren proiektuak eragindako zenbait herritan, "herritarron hitza errespetatzea" eta alternatiba aurrera eramatea eskatzeko, bai eta AHTrako plataforma berri bat eraikitzeko zundaketak geldiaraztea exijitzeko.

Jardunaldiak

Mobilizazioez gain, tren publiko eta sozialaren aldeko jardunaldiak antolatuko dituzte otsailaren 22tik 25era bitartean, Sakana, Lautada eta Goierriko hainbat herritan. Jardunaldietan alternatiba bera eta eskualdeko zein tokiko trenbideen desegitea aztertuko dituzte, "diru guztia hiri handiak lotzen dituzten abiadura handiko lineetan erabiltzen dela" salatuz. Horrekin batera, trenbide publiko eta sozialaren aldeko proposamenen eta "abiadura handia deiturikoaren inguruan mugitzen den negozioaz eta espekulazioaz" hitz egingo dute.

Nazioarteko esperientziak entzungai

Gainera, jardunaldietan Italiako No TAV mugimenduko kideak entzuteko aukera izango da. 30 urtez baino gehiagoz Lyon eta Turin arteko AHTaren linearen eraikuntza gelditzea lortu dute —Alpeen azpitik 56 kilometro luzeko tunel bat barne—, Susako bailaran. Halaber, Hendaia-Bordele linearen eraikuntza gelditzea lortu zuen borrokaren berri emango dute Iparraldeko AHTaren aurkako mugimenduko kideek.

Hitzaldiez gain, antzerkia, bazkari herrikoiak eta kontzertuak ere izango dira. Azkenik, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoatik mendi martxa bateratu bat egingo dute Arbarrain–Irumuga mendira.

Alternatiba, "inoiz baino indartsuago"

Tren sozialaren aldeko plataformen ustez, alternatibak "abantaila handi bat" planteatzen du: "Salgaien eta pertsonen trafiko mistorako erabil daiteke. Era berean, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua eta aldiriko zein eskualdeko trenak ere barne hartuko lituzke, eskaera guztia trenbide plataforma bakar batekin betez", azaldu dute.

"Burgos-Gasteiz eta Gasteiz-Iruñea lotzen dituzten tren lasterrentzako bidaia denborak 10 eta 8 minutu baino ez dira handituko, hurrenez hurren; baina trukean, ibilbide osoko geltoki eta geraleku guztiak hobetu eta berreskuratuko lirateke, eta ingurumen inpaktua askoz ere txikiagoa izango litzateke", azpimarratu dute. Bestalde, tren sozialaren aldeko mugimenduaren arabera, egungo azpiegitura modernizatu eta egokitzeari esker "egungo trenek hobera egingo dute segurtasunean, eta lurperatzeak ere planteatuko dira, adibidez Altsasun eta Agurainen, hiri-integrazio hobea lortzeko".

"Herri plataformen zein Adifen eta Renfen ordezkaritza duten sindikatu guztien artean lortutako akordioetatik sortutako konponbide erreal eta teknikoki bideragarri bat eskaintzeko asmoarekin egin da azterketa", aldarrikatu dute. "Gainera, Frantziako Estatuak Hendaia eta Bordele artean abiadura handiko tren azpiegitura berri bat ez eraikitzea erabaki ondoren, eta Irun, Baiona eta Bordeleko alkateek egungo trenbide trazadura hobetzeko proposamena egin ondoren, gure alternatibak eta obrak gelditzeko eskakizunak inoiz baino indar handiagoa hartu dute".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide