Photo Arabaren azken uzta: aspaldiko errotuluak eta 90. hamarkadako Baskonia

Erredakzioa 2024ko urt. 2a, 08:00

Photo Araba atariak 150.000 argazki historiko baino gehiagoko funts digitala osatu du dagoeneko. 90. hamarkadako Baskoniaren eta Gasteizko aspaldiko saltegietako errotuluen irudiak jaso dituzte azken bildumetan.

Abenduan beste bi argazki erakusketa argitaratu ditu Photo Arabak, Arabako Foru Aldundiaren irudi historikoen hedapenerako Arabako Artxiboaren atariak.

Lehen erakusketa, Errotuluak, hiri baten irudia, Arantxa Orive Armasek egin du. Duela hamarkada batzuetara arte Gasteizen egon ziren eta hiri paisaiatik ia erabat desagertu diren merkataritzako eta markesinetako aspaldiko errotuluen ingurukoa da. "Erakusketak gure oroitzapenetako Gasteizera itzularazten gaitu, oharkabean joan ohi den kultura ondarea kontserbatzeak duen garrantziaz ohartarazteko", aldarrikatu dute Photo Arabako arduradunek.

Bigarren erakusketak Handia izatera ausartu zen klub baten historia du izenburu, eta Ruben Gazapo baskonistas.com webguneko arduradunak ondu du. Baskonia kirol kluba Tau Gres bihurtu zuten hamar urte zorabiagarrien (1986-1996) kronika grafikoan murgiltzen gaitu; kluba Espainiako Estatuko zein Europako saskibaloi talde handi bihurtu zen aldiaren kronikan, hain zuzen ere. "Arrakasta ahaztezina, Arabako kirolaren historian izandako lorpen handienetako bat bezala gogoratzen duguna".

Bi erakusketa horiek argitaratu ostean, Ana del Val Kultura Saileko foru diputatuak Photo Araba atariaren garrantzia gogorarazi du: "Agiritegi Zerbitzuak orain dela urtebete eta erdi sortu zuen Interneteko atari honek doako 150.000 irudi baino gehiago ditu kontsultatzeko eta doan deskargatzeko; eta hazten jarraitzen du, gure iraganerako leiho paregabea eraikitzeko". Era berean, adierazi du asmoa dela datozen urteetan bildumak zabaltzen jarraitzea eta ikusgarritasuna handitzea, edukiak beste gordailu publiko batzuetan partekatuz.

ARGAZKI ERAKUSKETAK OSORIK

Errotuluak, hiri baten irudia
Handia izatera ausartu zen klub baten historia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago