Arabarra naiz: nola eska dezaket Errigorako saskia?

Erredakzioa 2023ko aza. 2a, 13:45
Hamar urte bete ditu aurten Errigora ekimenak. Argazkia: @errigora

Berriz ere Arabako etxeetara itzuli da Errigora, nafar uzta eta euskara Euskal Herri osora zabaltzeko. Azaroaren 9ra arte eska daiteke saskia, online edo Arabako 32 banaketa guneetan.

Hamar urte bete berri ditu Errigorak, eta udazkeneko kanpainari ekin dio duela gutxi, 10 urte bete-bete lelopean. Hamarkada bateko ibilbidea ospatzeko, saski bakarra osatu dute oraingoan, "originala, biribila eta biderkatzailea". Saskietan 23 ekoizleren bederatzi produktu ekologiko daude: bost produktu saski guztietan izango dira –zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta alkoholdun botila bat–; eta beste lau ohiko produktuak dira, saskia osatzeko.

Urtez urteko helburu solidarioari eutsiz, saskien balioaren %25 Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzara bideratuko dute, AEK, Ikastolen Elkartea, Sortzen eta Agerraldia elkarteen bidez. Saskien prezioa 50 eurokoa da.

Nola egin eskaerak?

Urriaren 20an ireki zen eskaerak egiteko epea, eta azaroaren 9ra arte luzatuko da. "Modurik eroso eta eraginkorrena" eskaera online egitea dela azpimarratu dute Errigorako kideek, baina herriz herri aurrez aurre egiteko aukera izango da ere. Araban guztira 32 banaketa gune izango dira aurtengo kanpainan, Agurain, Amurrio, Aramaio, Dulantzi, Gasteiz, Kanpezu, Laudio, Legutio, Okondo, Trebiñu eta Zuian:

LEKUA HERRIA
Lautada Ikastola Agurain
Lautadako AEK Agurain
Pedro Lope Larrea Ikastola Agurain
Amurrioko AEK euskaltegia Amurrio
Aresketa Ikastola Amurrio
Aramaioko Ekonomatoa Aramaio
Dulantziko Errigora Gunea Dulantzi
Adurtza Ikastola Gasteiz
EH Bilduren egoitza Gasteiz
Arana AEK Gasteiz
Armentia Ikastola Gasteiz
EHUko Arabako Campusa (LABen bulegoa) Gasteiz
ELA sindikatua Gasteiz
Hala Bedi Irratia Gasteiz
Hizkuntza Eskola Gasteiz
Koldo Mitxelena institutua Gasteiz
LAB sindikatua Gasteiz
Salburuko Auzo Elkartea Gasteiz
STEILAS sindikatua (Manuel Iradier) Gasteiz
Toki Eder ikastola Gasteiz
Txagorritxuko Auzo Elkartea Gasteiz
Zabalganeko Auzo Elkartea Gasteiz
Kanpezuko Ekobasterra Kanpezu
Eska Tailerra Laudio
Ekintzen Faktoria Laudio
Laudio BHI Laudio
Laudio Ikastola Laudio
Laudioko AEK Laudio
El Mesón Taberna Okondo
Legutio (guneko arduraduna) Legutio
Trebiñuko udaletxea Trebiñu
Zuiako Errigora gunea Zuia

Errigorak 10 urte

2013ko urriko egun batean, Iruñeko Nabarreria plazan dagoen Zabaldi Elkartasun Etxean agertu zen lehen aldiz Errigora, egitasmoaren asmoak aurkeztu eta Nafarroako hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainan parte hartzeko deia egiteko. "Nafarroa hegoaldekoak propio diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko" eta "zonaldeko euskalgintzari ekarpena egiteko" xedea zuen egitasmoak.

Ordutik, urteez gain, 130.000tik gora saski bete dituzte Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuekin, Euskal Herrian bertan kontsumi daitezen. Aldi berean, euskalgintzaren zakua ere oparo bete dute, 1.800.000 euro baino gehiagorekin, saskiek emandako mozkinekin.

Kanpainak joan kanpainak etorri, Errigoraren komunitatea etengabe eraberrituz joan da ekimenera batu diren boluntario, ekoizle, kontsumitzaile, bidelagun eta onuradun berriekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide