Arabako egoitzen hitzarmen probintziala, askatu beharreko korapiloa

Erredakzioa 2023ko urr. 3a, 12:20

Urrian, azaroan eta abenduan deitutako zortzi greba egunetako lehenengoa izan dute gaur Arabako egoitza pribatuetako langileek. Gatazka desblokeatzeko inplikazioa exijitu diote Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatu berriari.

Berriz ere grebara jo dute Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek. ELA eta LAB sindikatuek zortzi lanuzte deitu dituzte datozen hiru hilabeteetarako, sektorearen lan baldintza duinak bermatzeko lehenengo hitzarmen probintziala exijitzeko: gaur hasita, urriaren 3an eta 4an, azaroaren 8an, 9an eta 10ean, eta abenduaren 12an, 13an eta 14an.

Patronalak, bere aldetik, jarraipena %1ekoa baino baxuagoa izan dela ziurtatu du. Beren aldetik, "gehiegizko gutxieneko zerbitzuak" eta "grebak ez egiteko enpresaburuek emakume langileekiko egiten dituzten etengabeko urraketak" salatu dituzte sindikatuek. 

Gaur egun, sektoreko lan baldintzak askoz ere okerragoak dira Araban —urteko lanaldia 1.792 ordukoa da, eta hileko soldata 1.000 eurokoa—, Bizkaian edo Gipuzkoan baino. Izan ere, gure lurraldean ez dago probintzia hitzarmenik, eta estatu mailakoa aplikatzen da.

"Gero eta nazkatuago gaude lan baldintza hain prekarioak jasateaz, askotariko zereginak betetzeaz aspertuta, lankideen bajak ez ordezkatzeaz nekatuta, enpresek zaintzak negozio bihurtzen jarraitzeaz eta gu hilabete amaierara ez iristeaz nazkatuta, eta Aldundiaren geldikeriaz nazkatuta; enpresa horiei, langileen eta erabiltzaileen kontura, milioika euroko irabaziak izateko aukera ematen baitie", salatu dute sindikatuek berriz ere, 24 greba egun baino gehiagoren ostean.

Urtaran, diputatu berria

Aste honetan bertan, Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatu berriak aitortu du Arabako egoitza pribatuetako langileek ezin dutela egungo baldintzetan jarraitu, eta lau urte baino gehiago blokeatuta daraman lan gatazka konpontzeko borondatea agertu du. Horretarako, besteak beste, negoziazio mahaia berriz ere martxan jartzea eskatu dio Urtaranek ACRA patronalari.

Astearte honetan 11:00etan Plaza Berritik abiatu, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoetatik igaro eta Probintzia Plazan amaitu den manifestazioan, Gasteizko alkate ohia izan da sindikatuen mezuen hartzaile nagusietako bat; hain zuzen ere, idazki bat entregatu dute bertan, Diputazioaren bitartekaritza eskatzeko. Sindikatuek, besteak beste, "bitartekaritzarik ez egitea, enpresen onurak langileen osasunaren aurretik jartzea eta zainketen negozioa sustatzearen errudun izatea" leporatu baitie Aldundiari eta Urtarani. Horrekin batera, ACRA, GESCA eta LARES elkarteek osatutako patronalari eskatu diote "negoziatzea eta etekinak hobeto banatzea".

Bihar, urriaren 4an, asteazkenean, lanuzteekin batera beste manifestazio bat egingo dute, 11:00etan, Babesgabeen Plazatik Probintzia Plazaraino.

Zaintza eskubide unibertsala

 lan baldintza duinak eta lehen hitzarmen probintziala exijitzeaz gain, "zaintzak herritar guztientzat, kalitatezkoak, duinak, unibertsalak eta doakoak" izan behar direla aldarrikatu dute, eta plaza publikoen kopurua "kontzertazioaren bidez apaintzea" leporatu diote Aldundiari.

Hain zuzen ere, datozen hiru hilabeteetan deitutako zortzi greba egunekin batera, ELAk eta LABek azaroaren 30ean deitutako greba feminista orokorrarekin bat egingo dutela gogorarazi dute. "Arabako egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen borroka greba horren barruan dago; beraz, sektore feminizatu honetako langileak ere greba horretara deituko ditugu, gatazkaren funtsezko zati gisa", azpimarratu dute.

"Behingoz zaintza sektorearen lan baldintzak behar bezala arautzea" eskatu dute, "sektoreko langileen funtsezko funtzioa duintzeko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide