Bizikleta gainean eskatu dute AHTaren zundaketak gelditzeko

Erredakzioa 2023ko abu. 28a, 10:23

"Engainuz eta legezko baimenik zein segurtasun neurririk gabe" Arabako Haranetan AHTaren lineak eraikitzeko hiru zundaketa geologiko egin dituztela salatu dute.

Abuztuaren 25etik 27ra bitartean, bizikleta martxa eta elkarretaratzeak egin dituzte Arabako Haranetako, Sakanako eta Goierriko hainbat herritan, AHTaren zundaketak "berehala" gelditzea eskatzeko. Izan ere, tren sozialaren aldeko plataformek salatu dutenez, eraikuntza enpresek uda baliatzen ari dira hiru eskualde horietan AHTa eraikitzeko zundaketa geologikoak egiten saiatzeko, "gehienetan baimenik gabe".

Zundaketa horiek Abiadura Handiko Trenek soilik erabiltzeko trenbide plataforma berriak eraikitzeko lehenengo urratsak dira. Iruñea eta Gasteiz artean eta Iruñea eta Ezkio artean, zundaketak egiteko 60 eskaera baino gehiago egin dira. Sakanan eta Goierrin, inguruko bizilagunen erreakzioaren ondorioz, enpresek ez dute zundaketarik egitea lortu, eta legezko prozedurei ekin diete orain.

Arabako Ibarretan hiru zundaketa egin dituzte. Tren sozialaren aldeko plataformek salatu dutenez, "engainuz eta legezko baimenik zein beharrezko segurtasun neurririk gabe".

Bizikleta martxa

Stop AHT zundaketak lelopean, AHT Gelditu Nafarroa, AHTrik Ez Lautada, Landarlan, Otsotarrak, Sakana Trenaren Alde eta Sustrai Erakuntza Fundazioak bizikleta martxa bat antolatu dute Sakana, Arabako Lautada eta Goierri lotzeko, abuztuaren 25etik 27ra bitartean. Ostiralean, bi tropel abiatu ziren Irurtzundik eta Aguraindik Olaztira; larunbatean, Olaztitik Ataunera; eta azken etapan, igandean, Ataundik Irurtzunera.

Martxa horren bidez, AHTa eraikitzeak dakarren "inpaktu katea" salatu dute: "Ingurumen inpaktuak, herri eta lurretan izango duen eragina, xahutze ekonomikoa, ohiko trenaren desegitea, zerbitzuak hobetzeari uko egitea, eta, ondorioz, enpleguak galtzea. Horren guztiaren lehen urratsa esplorazio zundaketak dira", ohartarazi dute.

Horrekin batera, Arabako Haranak Trenaren Alde plataformak elkarretaratzea antolatu du igande eguerdian Ribabellosan, herriko jaiak aprobetxatuz. "Prospekzio horiek geldiarazteko guztion babesa eta mobilizazioa eskatzen dugu. Izan ere, zentzurik gabeko proiektu horren aurrean, benetako konponbideak daude, bideragarriak eta egiaztatuak, trenaren egungo trazadura berrerabili, egokitu eta hobetzetik pasatzen direnak", aldarrikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide