Zadorrako urtegien interpretazio zentroa jarriko dute Garaion

Erredakzioa 2023ko mai. 15a, 16:34
Garaion kokatuko dute interpretazio zentro berria.

Aldundiak lau milioi euro baino gehiago bideratuko ditu parke naturalen eta barnealdeko hondartzen turismo jasangarritasuna hobetzeko.

Arabako turismo zerbitzuak, azpiegiturak eta produktu berriak garatzea aurreikusten duen lau milioi euroko proiektua iragarri berri du Arabako Diputazioak, hurrengo lau urteetarako. Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak finantzatuko ditu jardunak, Turismo Jasangarritasuneko III. Planaren barruan. Aurreikusitako inbertsioen artean, aldundiak bi milioi euro gastatuko ditu Landa eta Garaioko barnealdeko hondartzak eta Uribarri Ganboako urtegiaren ingurune naturala hobetzeko proiektua finantzatzeko. 

Garaioko parkearen birgaitze jasangarria aurreikusten du egitasmoak, bai eta informazio gunetik gertu dagoen baserri zahar bat egokitzea ere, hezeguneren interpretazio zentroa izan dadin. "Baserriaren kontserbazio egoerak ahalbidetzen du birmoldaketa zientifiko bat egitea, eremuak museo bihurtzearekin bateragarria, eta energia autosufizientziako parametroak izango ditu". Natura 2000 Sarearen eta nazioarteko garrantzia duen Ramsar Hezegunearen natura balioei eta espazioari buruzko interpretazio zentroa izango da, eta, aldi berean, "Arabako Lautadako herrien ondare balio etnografiko bereizgarria goresteko eta zabaltzeko balioko du".

Garaio eta Landako hondartzen inguruko ingurune naturala leheneratzea eta hobetzea ere aurreikusi da. Bestalde, urtegiko ibilbide berdearen trazadura egokitu eta hobetuko da, Uribarri Ganboako presaren eta Langara Ganboaren arteko hiru kilometroko tarte batean. "Trazadura hori bidezoru bigun batekin zolatu behar da, urte osoan zehar oinezkoen eta bizikleten zirkulazioa bermatzeko".

Digitalizazioari dagokionez, elementu berritzaileak eta digitalak sartuko dira ibilbide berdearen seinaleetan eta Babestutako Eremuaren interpretazio zentroaren eduki dokumental eta bisualetan. Halaber, Landa eta Garaioko hondartzetan eta Uribarri Ganboako herrigunean, bizikletak alokatzeko aukera emango duten bizikleta aparkaleku seguruak, aldirietako aparkalekua eta camper eremua erabiltzeko doako aplikazio informatiko bat martxan jartzea ere aurreikusi da.

Era berean, Landako hondartzan aldirietako aparkaleku bat eta camper eremu bat prestatzea aurreikusi da. Hondartza eremuari zerbitzua emateaz gain, urtegiko oinezko eta bizikletentzako ibilbidearekin zuzenean komunikatuko da, eta turismo produktu berri bat sortuko da, "Arabako barnealdeko hondartzak" izenekoa.

Inbertsioak, parke naturaletan

Arabako parke naturalen proiektuak, berriz, 2.090.000 euroko aurrekontua du, eta zenbait ekintza jasotzen ditu, lau ardatzetan sailkatuak. Lehen ardatza, trantsizio berdea eta ekologikoa da. Horren barruan, Izki eta Aizkorri-Aratzen aparkalekuak egokitu edo eraikiko dira; mendiko aterpeak egokituko dira erabilera turistikorako, Gorbeian eta Aizkorri-Aratzen; eta biodibertsitatea babesteko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko neurriak martxan jarriko dira, hala nola suteak prebenitzeko planak Izkin, Gorbeiako goiko aldeko bidexkak aldatzea higadura saihesteko edo Aizkorri-Aratzen putzuak eta iturriak hobetzea, fauna urtarraren eta bisitarien onurarako.

Energia eraginkortasuna da proiektuaren bigarren ardatza, eta lurraldeko lau parketxeak hobetzeko ekintzak hartzen ditu barnean: eguzki plakak eta pellet berogailuak jartzea, zentroetako argiztapena berritzea eta klimatizazio adimenduneko sistemak ezartzea. Horrez gain, parke naturaletako aparkaleku nagusietan ibilgailu elektrikoentzako kargaguneak jarriko dira. Halaber, bizikleta azpiegitura bat sortu eta hobetuko da, Gorbeian eta Aizkorri-Aratzen.

Trantsizio digitalaren alorrean, parketxeen digitalizazioa ezarriko da, bereziki Valderejoko eta Gorbeiako parketxeena, eta interpretazio edukia eguneratuko da.  Azkenik, laugarren ardatzaren muina turismoaren lehiakortasuna da, eta hainbat lan ildo garatuko dira, hala nola parke naturalen natura eta kultura ondareari lotutako produktu berriak sortzea. Horrela, honako hauek egin nahi dira: Izki Startlight helmuga astronomiko gisa ziurtatu; Valderejoko saien janlekua bisitatzeko sistema bat ezarri, eta argazkigintzarako hide edo ezkutalekuen sistema bat abian jarri; Gorbeian oreinen marrualdian filmaketak eta argazkiak ateratzea kudeatzea; eta Valderejoko elementu arkeologikoen multzoari ere balioa eman nahi zaio.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide