Errigora bueltan da, Arabako etxeetara iristeko prest

Erredakzioa 2023ko mar. 10a, 17:00
Errigorako boluntarioak, banaketa kanpaina prestatzen. / Argazkia: ERRIGORA.eus

Udaberriko kanpainari ekin dio Errigorak, nafar uzta eta euskara Euskal Herri osora zabaltzeko. Eskaerak egiteko epea martxoaren 29ra arte zabalik, baita Agurain, Amurrio, Aramaio, Gasteiz, Kanpezu, Laudio, Legutio, Trebiñu eta Zuiako 23 puntutan ere.

Matxoaren 9arekin batera, udaberriko kanpaina abiatu du Errigorak, Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura — Bat egin Errigora Balioekin lelopean.

Izan ere, aurtengo kanpainan eskuratu ahal izango diren produktuek Errigora Balioak berme zigilu eta guzti izango dute, euskarazko ohiko etiketetan gehituta. Produktuak gutxienez lau balio dituela ziurtatzen du zigiluak: Euskara, Auzolana, Bertakotasuna eta Nekazariekiko harreman bidezkoa. "Bestela kontsumitzeko" dei egin du Errigorak: "Bertako elikagaien alde, euskaraz, auzolanean eta ekoizpenean harreman bidezkoak sustatuz".

Urtero bezala, ehunka boluntarioren lanari esker, eta AEK, Sortzen eta Ikastolen Elkartearekin batera, Euskal Herriko ehunka herritan egin ahal izango dira Nafarroa hegoalde zein erdialdeko olio, kontserba, lekale, arroz, fruitu lehor eta pasta eskaerak. "Produktu hauek eguneroko kontsumora ekartzeko eredu honi jarraikiz, despentsak urte osorako betetzeko unea da", ospatu du Errigorak, produktuen "kalitate bikaina" azpimarratuz.

Non egin daitezke eskaerak?

Eskaerak online egin ahal izango dira, eta herri edo eskualde bakoitzean puntu zehatz batzuetan jaso ahal izango dira (baita eskaria bertan egin ere). Martxoaren 29a baino lehen, Araban honako lekuetan egin edo jaso ahal izango dira:

LEKUA HERRIA
Lautada Ikastola Agurain
Lautadako AEK Agurain
Pedro Lope Larrea Ikastola Agurain
Amurrioko euskaltegia Amurrio
Aresketa ikastola Amurrio
Aramaioko Ekonomatoa Aramaio
Arana AEK Gasteiz
Armentia Ikastola Gasteiz
EHUko Arabako kanpusa (LAB-en bulegoa) Gasteiz
Koldo Mitxelena institutua Gasteiz
Salburuko auzo elkartea Gasteiz
Toki Eder ikastola Gasteiz
Txagorritxuko auzo elkartea Gasteiz
Zabalganako auzo elkartea Gasteiz
Kanpezuko ekobasterra Kanpezu
Eska Tailerra Laudio
Faktoria Laudio
Laudio BHI Laudio
Laudio Ikastola Laudio
Laudioko AEK Laudio
Legutio Legutio
Trebiñuko udaletxea Trebiñu
Zuiako Errigorako gunea Zuia

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide