Arte Eszenikoen Eskola Feminista jaio da Araban

Erredakzioa 2023ko urt. 23a, 17:00
Idoia Zabaletak 'Natura eta dardara' ikuskizuna eskainiko du apirilean. / Argazkia: KULTURKLIK

"Arte eszenikoetan feminismoari buelta bat emateko" lau formakuntza asteburu eskainiko dituzte Garaion Sorgingunean, otsailean, martxoan, apirilean eta maiatzean.

Feminismoa zientzietan, letretan, arteetan... Ikuspegi feminista bizitza eta arlo publikoko gero eta eremu gehiagotara hedatu da azken urteetan. Arte eszenikoei dagokienez, aktibismoa gero eta ageriago dago, baina, beste arlo guztietan bezala, asko falta da oraindik egiteko. Ideia horretatik abiatuta, Virginia Imaz pailazoak eta EKI Kancaneo Impro Eskolako Zahira Montalvok indarrak batu dituzte Arte Eszenikoen Eskola Feminista abian jartzeko.

Ekimena Araban jaio da, eta joan den igandean aurkeztu zuten Gasteizko Baratza Aretoan. Montalvok azaldu duenez, eskolak "arte eszenikoetan feminismoari buelta bat ematea" du helburu, "ohikoa ez den ikuspegi batetik". Horretarako, pedagogo talde bat bildu dute, eta eduki batzuk sortu dituzte beren ustez arlo horretako premiarik garrantzitsuenak direnak asetzeko.

Formakuntza lau modulutan banatu dute, eta otsailetik maiatzera bitartean eskainiko dituzte Garaion Sorgingunean (Ozeta), bizileku erregimenean. Horietako bakoitzean modu soltean parte hartu ahal izango da, baina lehenengoa ia beteta dago jada. Gainera, modulu bakoitzeko lehen egunean artistek euren ikuskizun bat eskainiko dute:

  • Otsailak 3, 4 eta 5, 1. modulua: Zertaz barre egiten dugu?, Virginia Imaz eta Zahira Montalvoren eskutik. Umorea perspektiba feministatik.
  • Martxoak 17, 18 eta 19, 2. modulua: Nik kontatzen dut (Yo cuento), Silvia Albert Sopale eta Zahira Montalvoren eskutik. Autobiografia landuko dute, hausnartuz istorioa nork kontatzen duen.
  • Apirilak 21, 22 eta 23, 3. modulua: Irauten duen bitartean irauten du, Idoia Zabaleta (euskaraz) eta Zahira Montalvoren eskutik. Gorputzarekin eta espazioarekin dugun harremanaz arituko da, eta antzerkia eta dantza landuko dira, baita espazioa hartzeko estrategiak ere.
  • Maiatzak 12, 13 eta 14, 4. modulua: Indarkeria matxistak sendatzen, Teatro Gerundio, Paloma Palenciano eta Zahira Montalvoren eskutik.

Lau moduluetan parte hartu nahi duten lagunek 200 euro ordaindu beharko dituzte modulu bakoitzeko; modulu solteetan parte hartzeko prezioa, berriz, 230 eurokoa izango da modulu bakoitzeko. Informazio gehiago lortzeko eta izena emateko, info@kancaneoteatro.com helbide elektronikoa eta 654 74 80 71 telefono zenbakia jarri dituzte eskuragarri.

Ikuskizunak

Prezioa doitu ahal izateko finantzaketa lortzeko, besteak beste, modulu bakoitzeko ostiralean, 21:30ean, ikuskizun bat eskainiko du gonbidatutako artista bakoitzak. Formakuntzan parte hartzen ari diren lagunek doan joan ahal izango dira ikuskizun horietara, baina kanpotik iritsitako pertsonek 10 euro ordaindu beharko dituzte, egitasmoa babesteko:

  • Otsailak 3, ostirala: Pronoia, Virginia Imaz.
  • Martxoak 17, ostirala: No es país para suegras, Silvia Albert Sopale.
  • Apirilak 21, ostirala: Natura eta dardara (euskaraz), Idoia Zabaleta.
  • Maiatzak 4, ostirala: No solo duelen los golpes, Pamela Palenciano.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide