Epaitutako kideari elkartasuna adierazi diote Tubacexeko langileek

Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 10:30
Tubacexeko langileen elkarretaratzea, epaitegien aurrean. / Argazkia: LAB

Aintzane Mendia Tubacexeko langilea epaitu dute astelehen honetan. Hamabost hilabeteko kartzela zigor eskaeraren aurrean, bere errugabetasuna defendatu du langileak, eta bere lankideek elkartasuna adierazi diote kanpoaldean.

Astelehen honetan, azaroaren 7an, Aintzane Mendia Tubacexeko langile amurrioarra epaitu dute Gasteizko Justizia Jauregian, eta hamabost hilabeteko kartzela zigor eskariari egin dio aurre. LAB sindikatuak "muntaia poliziala" salatzeko eta langileari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu du epaiketaren aurretik.

Epaiketan, berriz, epaitutako langileak bere errugabetasuna defendatu du. Are gehiago, akusazioak erresistentzia karguak onartzeko akordio bat eskaini dio erasoaren akusazioa bertan behera uztearen truke, baina langileak uko egin dio akordio proposamenari, bere defentsari eutsiz. Besteak beste, atxiloketaren unearen bideo bat aurkeztu du, erasorik jazo ez zela frogatzeko:

"Muntai poliziala"

Mendiaren kasua "Tubacexeko langileek greban zehar eta grebaren ostean jasan behar izan dituzten isun, mehatxu eta neurriz kanpoko inputazioen" testuinguruan kokatu du LABek. "Zigor eta inputazio bakoitza modu indibidualean gauzatu bada ere, guztion borroka kolektiboaren aurkako eraso zuzen bezala ulertzen ditugu", azaldu du sindikatuak.

Izan ere, Tubacexeko gatazkak utzitako ondorio ekonomiko eta judizialaren balantzea plazaratu dute: 25 langilek baino gehiagok jaso dituzte isunak eta inputazioak; 25.000 euro baino gehiago ordaindu behar izan dituzte isunetan; zazpi pertsona auzipetu dituzte, eta espetxe eskaerak jaso dituzte; eta isunak 600 eta 3.000 euro artekoak dira.

Inputatutako beste langile batzuei elkartasuna adierazten egon zen egunean, 2021eko ekainaren 17an, atxilotu zuten Aintzane Mendia, Amurrioko Epaitegian, eta egozten dizkioten gertakariak (ertzain bati eraso egitea, besteak beste) "beste muntaia judizial bat" direla salatu du LABek, "Tubacexeko grebatik sortutako elkartasun guztia kriminalizatzeko".

"Borrokatzea ez da delitua"

"Gainera, jasan behar izan zuen atxiloketa neurrigabe eta justifikaziorik gabekoan, lesioak eragin zizkioten modu bortitzean eraman zutelako", salatu dute. "Argi utzi nahi dugu aipatutako guztia kriminalizazio estrategia bat besterik ez dela, hainbat boterek aurrera eramaten dutena, Tubacexeko greban aktiboki parte hartu zuten eta euren lanpostuak defendatzeko eskubidea erabili zutenak zapaltzeko".

"Guk oso argi daukagu: langileen borroka kriminalizatzen saiatu arren, gure lanpostuen eta lan eskubideen alde borrokatzea ez da delitua. Errepresio guztiaren aurrean: batasuna eta elkartasuna. Tubacexeko grebarekin langileok egiaztatu ahal izan genuen bezala, bidegabekerien aurrean langileen borroka da bide bakarra. Horregatik guztiagatik, irmoki eskatzen dugu gure lankidearen absoluzioa aurre egin beharko dion prozesu judizial osoan. Era berean, langileon aurka ireki dituzten prozesu eta jarduera guztiak ere bertan behera uztea eskatzen dugu. Orain arte bezala, elkartasunez eta borrokaz erantzungo diegu", aldarrikatu du LABek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide