Espetxeko bakartzetik atera, artearen bidez

Erredakzioa 2022ko urr. 7a, 10:44
Langraiz Okako espetxeko 9. moduluko emakumeek parte hartu dute. / VITAL FUNDAZIOA

Langraiz Okako espetxean dauden emakumeak protagonista dituen erakusketa bat azaroaren 6ra arte ikusgai dago Vital Fundazioa erakusketa-zentroan.

Zer sentitzen duten, zer nahi duten eta hainbat gairi buruz (baita kontu zailenei buruz ere) duten ikuspegia adierazteko artea erabili dute Langraiz Okako espetxeko 9. moduluko hamaika emakumek. Vital Fundazioaren eta Samsara elkartearen arteko lankidetzaren emaitza da Bakartzetik atera artearen bidez / Desaislando con arte erakusketa.

Urriaren 6tik azaroaren 6ra bitartean bisitatu ahal izango da Vital Fundazioa erakusketa-zentroan, Posta kaleko 13-15. zenbakian, asteartetik igandera. Asteartetik larunbatera 10:30etik 13:00etara eta 18:00etatik 20:30era, eta igande zein jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara. Gainera, bisita gidatuak izango dira urriaren 16an (igandea) 12:30ean, eta urriaren 27an (osteguna) 17:30ean; horretarako lekua erreserbatu beharko da www.fundacionvital.eus webgunean.

Emakume horiek "barrutik ordenatu dira, kanporantz adierazi eta bitartean gozatu", proiektuaren antolatzaileek azaldu dutenez. Egitasmoa gizarte bazterkeriaren arloari zuzendutako Arte askorekin desisolatzen programaren barruan egin da, eta iazko abenduan jarri zen abian; orain ikusi ahalko den erakusketa, ginga baino ez da izango.

Hilabete hauetan zehar, gizarte bazterketari lotutako estereotipoei buruzko hausnarketa bultzatu nahi izan dute, baita bazterketa hori jasaten duten pertsonen ahalduntzea ere, tresna artistikoen eta sormen prozesuen bidez, askatasun, horizontaltasun eta errespetu eremuetan.

"Ekimen horri esker, gizartearen aurreiritziak bizi izan dituzten eta adierazteko leku askorik ez duten pertsonak ikusarazi, hitza eman eta espazio sozialetan sar daitezke. Eta, aldi berean, lanen anonimotasunetik abiatuta, gizarteari hurbileko eta askotan ahaztutako pobrezia egoerei buruzko gogoeta eginaraztea", azaldu dute. "Halaber, ez dezagun ahaztu emakume euskaldun, latinoamerikar, afrikar eta ijito horien auto-konfiantza eta autoestimua areagotu egiten dela".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide