Espazio digitalean arakatzen

Erredakzioa 2022ko urr. 7a, 06:00

TikTok edo Onlyfans sare sozialak aztertuko dituzte, besteak beste. / Pixabay

Besteak beste, teknologia digitalek egungo bikoteetan eta bestelako harreman sozialetan duten eragina aztertuko dute Emaizek eskaintzen duen 'Sexualidades en digital' ikastaroan.

Sexologiaren ikuspuntutik teknologia berriek pertsonen egunerokoan duten eragina aztertuko du Sexualidades en digital online ikastaroak, Emaize sexologia zentroaren eskutik. Hamabigarren edizioa izango da urriaren 17an hasi eta abenduaren 4ra bitartean eskainiko dutena.

Harremanak izateko moduan, informazioa eskuratzeko moduan eta aisialdia kudeatzeko moduan gertatu diren aldaketak aztertuko dituzte. "Hori guztia debekutik harago doazen baliabideak eta gakoak eskaintzeko asmoarekin", azaldu du Raul Marcos ikastaroaren koordinatzaileak. Internetekin zerikusia duten gai askoren tratamendua, batez ere komunikabide tradizionalena, "sentsazionalista eta alarmista" izaten da kasu askotan, haren arabera, eta konponbide modura "debekua" izan ohi da guraso askok hartzen duten neurria. "Gure alaba igerilekuan itoko den beldur gara, eta bi aukera ditugu: bainua debekatzea edo igeri egiten irakastea".

Marcosen arabera, debekua aplikatzea "merkea" da, baina askotan ez da nahi dena lortzen, eta batzuetan kontrako efektua ere lortzen da. Erabilera arduratsua egitea bilatuko dute Emaizek eskainiko dituen saio hauekin; bai mobilarena, baina baita sareena ere. "Nor naiz ni bizitza analogikoan, eta nolakoa naiz bizitza digitalean? Normalean ez dugu jokabide bera. Hori guztia aztertu nahi dugu saio hauetan".

"Aldaketa" da ikastaro honen ezaugarrietako bat, eta egokitzapenak izaten dira urtero. Bost urte bete dira ematen hasi zirenetik, eta urteotan gauza asko gertatu dira, aldaketa ugari, tartean digitalizazio prozesua azkartu duen pandemia bat ere bai. Telelana, bideokonferentziak eta zibersexua areagotu dira. "Urte hauetan, TikTok bezalako sare sozial berriak agertu dira, gainerako sareetako joko-arauak aldatu dituena, abiadura handiko irudi kontsumoan sartu gaituena; edo Onlyfans modukoak, beren bizitza intimoaren truke dirua irabazten ari direnak, eduki erotikoa areagotuz. Mahai gainean jarri nahi ditugu halakoak". Bide beretik, pornografia ere izango dute solasgai, eredu pornoerotikoak egungo eredu erotikoan duen eragina. "Gaur egun, kalitatezko sexu-heziketarik ez duen pertsonentzat pornografia instrukzio-liburu bihurtu da, horrek dakarren arriskuarekin ikasleen artean".

Batik bat, haur eta nerabeekin lan egiten duten lagunei zuzendutako ikastaroa da, eta pertsonak ardatz izango dituena, eta ez hainbeste teknologia; zazpi modulu izango ditu, zazpi astetan banatuta. Urriaren 17a baino lehen eman daiteke izena Emaize zentroan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide