Kolaborazioa indartu nahi dute herri txikiak hauspotzeko

Erredakzioa 2022ko ira. 1a, 12:47

"Lo-leku diren herriak" beharrean, "elkar zaintzen duten herriak" nahi dituzte. ALEA

Landa eremuko erronkak jorratu aldera, Eusko Ikaskuntzak Kuartangon, Bernedon, Zalduondon eta Laudion Herri Txikien Akademia martxan jarriko du.

Landa eremuan dauden erronkei aurre egiteko eta "modu kolaboratiboan" irtenbideak bilatzeko proiektu pilotua abiatuko du Araban Eusko Ikaskuntzak. Herri Txikien Akademia izeneko egitasmoaren bidez, topaketak egingo dituzte Kuartangon, Bernedon, Zalduondon eta Laudion.  

Eusko Ikaskuntzak ohar batean adierazi dutenez, "hausnarketarako, ezagutzaren zabalkunderako eta interes komunak dituzten herrien arteko elkarlana bideratzeko" gunea izan nahi du Herri Txikien Akademiak.  

Landa eremuko eragileekin izandako aurreko esperientzietan oinarrituta, hiru ardatz nagusitan bildu dituzte hausnarketak. 

Etxebizitzarena da lehen ardatza. Diotenez, gabezia ugari daude landa ingurunera biztanle berriak erakartzeko eta aktibitate ekonomikoak ezartzeko. "Askotan etxebizitzak berritzeko eta obrak egiteko arauak oso murriztaileak dira, eta ez dute eskaintzen landa eremuak behar lukeen malgutasuna". Gaiaren bueltan herritarrek dituzten mentalitateak ere izango dituzte aztergai.

Bigarrena ekintzailetzari eta enpleguari dagokie."Despopulazioari aurre egiteko ezinbesteko baldintza da landa eremuan enpleguak sortzea, eta bereziki garrantzitsua emakumeek lan duinak izatea", argudiatu dute. 

Hirugarren arloak belaunaldien arteko dinamikak eta bizitza komunitarioa aintzat hartzen ditu. "Lo-lekuak diren herriak" beharrean, "elkar zaintzen duten herriak" nahi dituztela diote, "belaunaldien arteko harremanak dituztenak, kultura bizia eta tradizioen transmisioa egiten dutenak".

Aurreratu dutenez, herritarrak eta landa eremuko ekintzaileak protagonistak izango dira topaketetan, baina landuko diren gaietan lanean diharduten erakundeak parte hartzea ere sustatuko dute. Bide berdinetik, erabaki ahalmena duten administrazioen parte hartzea bermatu nahi dute. 

Kuartangon irailaren 13an egingo dute topaketa. Zalduondon, irailaren 20an; Bernedon, 27an; azken saioa Laudion egingo dute, urriaren 6an. Arratsaldez egingo dituzten topaketa horietako izen ematea ireki dute dagoeneko. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide