Arabako egoitzetako hitzarmena: hiru urtez blokeatutako gatazka

Erredakzioa 2022ko eka. 29a, 12:00
Aldundiaren aurrean amaitu dute gaurko mobilizazioa. / Argazkia: ELA

Beste behin ere kalera atera dira Arabako egoitza pribatuetako langileak, ELA eta LAB sindikatuek deitutako greba egunean. Hiru urteko blokeoarekin eta langileen "baldintza prekarioekin" amaitzeko hitzarmena exijitu dute, enegarrenez.

Hiru urteko blokeoa eta, aldi berean, hiru urteko greba eta protesta ziklo "gogorra" bizi izan dute Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek. "Aspertuta gaude ordu zenbaezinak lan egiteaz soldata kaxkar batengatik. Gure baldintzak hemen negoziatzen dira, eta ez dugu onartuko egoera prekario honetan bizitzen jarraitzea", salatu dute gaurko greba eguneko mobilizazioan.

Jarraipenari dagokionez, ohi bezala, %100 zerbitzu minimoak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Sindikatuen arabera, zerbitzu minimo horiek "gehiegizkoak dira, eta greba eskubidea urratzen dute".

Egoitza pribatuetako patronala eta negoziazio mahaia irailean eratzea lortu zuten langileek, bi urte baino gehiago mobilizatu ostean. Lehen, sindikatuek ez zuten sektorearen baldintzak negoziatzeko solaskiderik. Lurraldean 1.000 langile inguru dituen sektorea da egoitza pribatuena, eta oraingoz ez du hitzarmen probintzial propiorik, Bizkaia edo Gipuzkoan ez bezala.

Hamar hilabeteren ondoren, ordea, patronal horrek "inolako mugimendurik" egin ez duela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek: "Sindikatuoi ez digu hobekuntza proposamenik helarazi negoziatzera eseri ahal izateko. Azken negoziazio mahaian, proposamen bat zutela jakinarazi zuten, baina ez dugu inoiz irakurri", kritikatu dute.

Lan baldintzak, erdigunean

Langileen ordezkariek soldaten %50eko igoera proposatzen dute kategoria guztietan, baita KPIaren araberako igoera (2022rako), sektoreko langile guztien erosahalmena bermatzea eta 2022rako 200 orduko lanaldi murrizketa ere. Patronalaren azken proposamenak, berriz, 2026rako langileen hileko soldata 1.220 eurokoa izatea jasotzen zuen —"KPIaren inolako bermerik gabe", sindikatuen arabera—, 1.742 orduko lanaldiarekin jarraituz.

Mezu "argi" bat helarazi nahi izan diote gaur bai patronalari bai egoitzetako nagusiei: "Sektorea duintzeko negoziatzera eseri nahi ez duten bitartean, prekarizatutako eta feminizatutako sektore honetako langileok kaleetan borrokan jarraituko dugu", ohartarazi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide