Hamalau kontzertu izango dira Antzinako Musikaren Astearen 40. urteurrenean

Erredakzioa 2022ko eka. 28a, 07:00
Antzinako Musikaren Astearen aurkezpena. / AFA

Irailaren 2tik 10era bitartean, hamalau kontzertu eskainiko ditu Antzinako Musikaren Asteak Arabako espazio naturaletan. Aurten Carmen Martinez Guerra jardungo da zuzendari artistiko gisa, Daniel Broncanoren ordez.

Antzinako Musika Asteak bere 40. urteurrena ospatuko du aurten, irailaren 2tik 10era bitartean programatutako hamalau kontzertuekin. Astelehen honetan, Ana del Val Kultura diputatuak eta zuzendari artistikoa izandako Daniel Broncanok aurkeztu dute aurtengo edizioa.

"Mugikortasun urriko bi urteren ondoren, Europako panoramako onena itzuliko da", aurreratu du Broncanok, jaialdiko agertokira igoko diren izen batzuk nabarmenduz: Jean Rodeau klabezinista "ahaltsua", Bach-en Goldberg-en bertsio originalarekin (irailaren 5ean, Jesus Guridi Kontserbatorioan - Gasteiz); Lea Desandre mezzosopranoa eta Thomas Dunford laudista (irailaren 2an, Gebaratarren dorretxean - Barrundia); Les Musiciens de Saint Julien taldea (irailaren 10ean, Jesus Guridi Kontserbatorioan - Gasteiz); eta Abraham Cupeiro (irailaren 10ean, Goroen haitzuloan - Otogoien), besteak beste.

Lehen aldiz, gainera, mendi ibilaldi musikalak eskainiko dituzte, Erdi Aroko erromesaldien harira: Egeria taldearekin, irailaren 8an, Pinedoko kobazuloetatik aurten 1.200 urte beteko dituen Tobillasko eliza erromanikora; Jose Hernandez kontratenorrak, berriz, Artziniegako hiribilduaren sorreraren 750. urteurrena ospatzeko, bere kantu gregoriano teatralizatura eramango du publikoa irailaren 7an, En alas del espíritu lanarekin.

Bestalde, Mozart eta Beethovenen musikarako tartea ere egongo da, Lumi boskoteak pianofortearekin eta garaiko haize instrumentuekin interpretatuta, irailaren 8an Tuestako elizan; baita musika barroko eta garaikideko akordeoi errezitaletarako ere, irailaren 3an Arte Ederren Museoan, Maria Zubimendi de la Hoz eta Garazi Navas Mundiñano akordeoilari bikotearen eskutik.

Probintzia plaza Forma Antiqva taldearen ausardiaz beteko da irailaren 3an. FestClasicarekin lankidetzan, Mancini konpositore napolitarra omenduko du La Ritirata taldeak, irailaren 5ean San Pedro elizan. Horrez gain, urrezko mendeko musika eta testuak eta Sara Ageda harpalaria eta Miguel Cubero aktorea lotzen dituen ikuskizun bat estreinatuko dute, irailaren 6an Arabako Errioxan.

Taracea, antzinako musika berria, Guardiako Erregeen Santa Maria elizan izango da irailaren 6an. Hilaren 9an, berriz, Fahmi Alqairen viola da gambak bere lekua izango du rock agertokietan. Azkenik, Euskal Barrokensemblek Couperin, Vivaldi eta Haydnen lauterako kontzertu handiak interpretatuko ditu irailaren 9an, Jesus Guridi Kontserbatorioan.

Egitarau osoa eta xehetasun guztiak 40. Arabako Antzinako Musikaren Astearen webgune ofizialean kontsultatu daitezke. Aurtengo aurrekontua 110.00 eurokoa izango da, 2021ekoa ia bikoiztuz; izan ere, iaz 65.000 eurokoa izan zen.

Sarrerak

Hamalau kontzertuetatik hamaika doakoak izango dira aurten, baina gonbidapena eskatzea beharrezkoa izango da, edukiera bete arte. Beste hiru kontzertuk, berriz, 6 eta 9 euro arteko sarrera "sinbolikoa" izango dute. Bai sarrerak eta bai gonbidapenak ekainaren 29tik (asteazkena) aurrera eskuratu ahal izango dira webgune ofizialean.

Daniel Broncanoren agurra

Azken bi urteetan jaialdiaren zuzendari artistikoa izandako Daniel Broncanok bihartik aurrera utziko du kargua, arrazoi profesionalengatik. Carmen Martinez Guerra 2020an programaren zuzendari artistikoa izandakoak ordeztuko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide