Bertsolari Txapelketa Nagusia Gasteizera itzuliko da urriaren 2an, bost urte geroago

Erredakzioa 2022ko eka. 22a, 12:30
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpen agerraldia, Bilbon. / Argazkia: Bertsozale Elkartea

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hamalau saioetako bat Gasteizko Europa Jauregian izango da, urriaren 2an: Manex Agirre, Amaia Iturriotz, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia bertsolariak arituko dira. Sarrerak bihar 09:00etatik aurrera jarriko dituzte salgai.

Pandemiak eraginda, bost urteren ostean bueltan izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, bere X. edizioarekin. Asteazken honetan Bilbon egindako prentsaurreko batean aurkeztu dute.

Azaldu dutenez, txapelketako sarrerak bihar, ostegunean, ekainaren 23an, jarriko dira salgai, 09:00etatik aurrera www.bertsosarrerak.eus atarian. Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan finalerako sarrerak saltzeko leihatila zerbitzua eskainiko da ekainaren 23tik 30era, asteburuan salbu, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara bitartean. Halaber, Bertsozale Elkarteko bazkideek finalerako sarrera bermatuta izango dute egun horietan.

Irailaren 24an hasiko da, eta hamalau saio izango ditu: Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, Bilbon eta Iruñean. Lehen fasean sei saio izango dira, astebururo bina saiorekin; ondoren, zazpi finalaurreko iritsiko dira, larunbatero saio batekin. Azkenik, finala abenduaren 18an izango da, Iruñeko Nafarroa Arenan, 13.000 lagunentzako edukiarekin.

Gasteizko hitzordua urriaren 2an izango da, igandean, 17:00etan Europa Jauregiko Maria de Maeztu aretoan. Honako hauek dira final laurden horretan oholtza gainean arituko diren sei bertsolariak: Manex Agirre, Amaia Iturriotz, Haritz Mujika, Iban Urdangarin, Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia.

Plaza biziberritzen

Pandemia garaian eta azken urteetan Bertsozale Elkarteak, tokian tokiko antolatzaileekin, bertso eskolekin eta sortzaileekin batera, "plaza biziberritzeko egindako ahalegin handia" goraipatu dute Bilboko agerraldian. Aurkezpenean izan dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteetako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakariak.

"Egoerak hobera egin du, eta horrek poza ematen du. Dena den, bertso plazaren martxa arretaz segitzen dugu; batetik, pandemiak utzitako ondorioak oraindik ere ez direlako guztiz desagertu, eta, bestetik, bertsolaritzaren egungo egoera bertan islatzen delako", azaldu du Bertsozale Elkarteko Gontzal Agotek. "Azken urteetan gertatutakoak gertatuta ere, argi esan dezakegu bertsolaritza oso bizi dagoela euskararen lurralde osoan zehar", jarraitu du Idoia Trenorrek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide