Descaraba aurkeztu dute, eskubide sozialen behatokia

Erredakzioa 2022ko eka. 16a, 12:22
Atzo aurkeztu zuten Descaraba behatokia. / Alea

Alor honetan lanean ari diren gizarte erakundeen "tresna eraginkorra" izan nahi du behatokiak.

Argituz giza eskubideen aldeko elkartearen ekimenez, Descaraba behatokia sortu berri dute Araban, "eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak (EESK) bermatzeko" helburuarekin. Behatokiak alor honetan lanean ari diren gizarte erakundeen "tresna eraginkorra" izan nahi du. 

Gasteizko Zuloa liburu dendan egin zuten atzo behatokiaren aurkezpena, eta lantaldeak egindako lehen lana ere plazaratu zuten: Eskubide sozialak, lehen mailako eskubideak liburua, giza eskubideen arloko adituen eskutik. Besteak beste, Jose Angel Cuerdak, Irene Escorihuelak, Iñaki Lasagabasterrek eta Christian Curtisek parte hartu dute liburuan. 

Liburuarekin batera, erakunde berri honen lehendabiziko egitekoa Araban eman daitezkeen eskubideen urraketak salatuko dituen txostenak izango dira. Halaber, ondorioak aterako ditu eta gomendioak helaraziko dizkie administrazio publikoko arduradunei eskubide horiek bete daitezen. "Giza eskubideen inguruan lanean ari diren beste behatoki batzuk eredu hartuta jaio da Descaraba; elkarte irekia, plurala eta beste eragileekin sarea osatzeko akuilu izan nahi duena", azaldu zuen behatokiko kide Josu Oskozek. Gizarte gaietan lan egiten duten taldeek dituzten arazoen bozgorailu izan nahi du Descarabak, eta gizarte eskubideak hobetzeko proposamenak egitea da helburua. Hori guztia nazioarteko legediaren ikuspuntutik eta Arabako erakundeekin lankidetzan aritzeko borondatearekin.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide