Photoaraba

Arabako argazki historikoak, klik bakarrean

Erredakzioa 2022ko eka. 14a, 11:30
Arabako artxibo digitaleko argazkietako sei. / PHOTOARABA

Photoaraba Arabako argazki historikoen atari digitala martxan dago. Gaur egun 50.000 irudi biltzen ditu, eta 2024an 100.000 baino gehiago izango dira. Ekainaren 30era arte, erakusketa bat bisitatu ahal izango da Probintzia plazan.

Joan den ostiralean, Photoaraba atari digitala aurkeztu zuten, Arabako Foru Aldundiaren ondare fotografikoa zabaltzeko Arabako Artxiboak garatutako erreminta. Argazkien bidez, klik bakarrean eta software librea baliatuta, gure lurraldeko azken ehun urteetako bilakaera politikoa, soziala, kulturala eta ekonomikoa dokumentatzen du.

Une honetan, 50.000 argazki inguru biltzen ditu atari digitalak, hamabost argazki funts zein bildumaren eskutik: besteak beste, Baraibar, Varona, Ibarrondo, Lopez de Guereñu, Vicente Lopez, Schommer Koch, L&P Fotógrafos, Apraiz eta Gonzalo Busto. 2024rako 100.000 baino gehiago espero du Aldundiak.

XIX. eta XX. mendeetako gertakari historikoen zein egunerokotasunaren irudiak jasotzen dituzten argazkiak dira: Franco diktadorearen bisitak, Alavesen partiduak, kirol txapelketak, Arabako hiriburuaren eta herrien eraldaketa, ekitaldiak, erretratuak, ehun industrialaren bilakaera, eta, batez ere, eguneroko bizitzaren inguruko milaka eta milaka argazki.

Gainera, "etengabe hazten ari den proiektua" dela azpimarratu dute, eta egungo artxiboaren digitalizazioarekin eta katalogazioarekin batera, interesdunek ekarpenak egin ahal izango dute. Argazkiak libreki eta doan erabili ahal izango dira.

"Nahiz eta kultura ondarea kontserbatzea eta babestea administrazio publiko guztien funtsezko zeregina izan, kultura ondasunen kontserbazio hutsera mugatzen den kultura politika ez da nahikoa. Kultura erakundeek ez dute ezagutza biltegi hutsak izan behar, ezagutza fabrikak baizik", adierazi du Ana del Val Kultura diputatuak.

Ekainaren 30era bitartean, artxibo digitaletik hautatutako ehun irudi baino gehiago biltzen dituen aldi baterako erakusketa bat ikusi ahal izango da Probintzia Plazan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide