Esku-hartze sozialeko langileek grebara joko dute ekainaren 17an eta 22an

Erredakzioa 2022ko eka. 9a, 11:30
Esku-hartze sozialeko langileen agerraldia, asteazkenean. / Argazkia: ELA

ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek ekainerako bi greba egun iragarri dituzte Arabako esku-hartze sozialerako sektorean, patronalaren "blokeoari" aurre egin eta langileen erosahalmena bermatzea exijitzeko.

Araban, esku-hartze sozialeko 1.000 langile inguru daude —%75 baino gehiago emakumeak—, eta gizarteko kolektibo kalteberenak artatzen dituzte: babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, familia kalteberak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonak, baita osasun mentaleko arazoak edo adikzioak dituztenak ere.

Asteazken honetan ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek egindako prentsaurreko batean, pribatizatuta dagoen sektore honentzako hitzarmen kolektiboaren negoziazioa urte eta erdi luzatu dela salatu dute. Negoziazio horietan, lan baldintzak hobetzea eta langile guztien erosahalmena bermatzea izan da sindikatuen gutxienekoa; sindikatuen ustez, ordea, patronalaren jarrera izan da hitzarmenean atzera egitea, KPIaren igoera %11,5era mugatuz, hitzarmenaren indarraldiko (2021-2024) KPIen batura handiagoa izanda ere.

"Sektoreak ez du hori onartzeko asmorik", ohartarazi dute sindikatuek. Horregatik, ekainaren 17ko eta 22ko greba egunetan, KPIari lotutako soldata igoera ez ezik, 30 orduko lanaldi murrizketa, kontziliazio neurri egokiagoak, lizentzien hobekuntza eta plusen arteko bateragarritasuna ere aldarrikatu dituzte, besteak beste.

Horrez gain, ELA sindikatuak deialdi propioa egin du ekainaren 21erako ere, beste sindikatuekin hiru greba egun deitzeko adostasunik lortu gabe.

"Konfinamenduan erakundeek gure lana txalotzen eta eskertzen zuten. Hala ere, orain, hitzarmen sinadurarik gabe lizitazioak aurrera ez ateratzeko mehatxua egin digute, eta hori gure lan eskubideak murriztuko lituzkeen sinadura izango litzateke", kritikatu dute. "Gure lana onartu egin behar dela uste dugu, eta horretarako, sektoreari ez ezik, gizartearen zati handi bati ere egonkortasuna emango dioten hobekuntzak lortu behar dira".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide